Hator Hator Horror Fest jaialdia abenduaren 9an eta 10ean egingo dute aurten

Intza Trula 2023ko urr. 31a, 12:00

Joan den urteko Hator Hator Horror Fest jaialdiko irudia. (Kulturaz)

Hirugarren edizioa izango da aurtengo Hator Hator Horror Fest beldurrezko eta fantasiazko zinema eta musika jaialdia. Helduentzako zein gaztetxoentzako asteburua Ospel Filmsek antolatu du, Azpeitiko Udalaren eta Kulturaz Kooperatibaren laguntzarekin.

Abenduaren 9an eta 10ean ospatuko dute aurten Hator Hator Horror Fest beldurrezko eta fantasiazko zinema eta musika jaialdia. Beste behin, Ospel Filmsek antolatu du ekimena, Azpeitiko Udalaren eta Kulturaz Kooperatibaren laguntzarekin. 

Aurrerago zehaztuko dituzte asteburu horretan eskainiko dituzten ikus-entzunezkoen proiekzioak, baina, asteburuaren nondik norako batzuk azaldu dituzte jada. Hain zuzen, abenduaren 9an, 17:00etatik aurrera fantasiazko eta beldurrezko film laburrak eskainiko dituzte Soreasun. Eguna amaitzeko, Su Ta Gar taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Sanagustin kulturgunean, 23:00etan.

Jaialdiaren bigarren egunean, abenduaren 10ean, umeen txanda izango da eta haurrek makilaje tailerrean parte hartzeko eta film laburrak ikusteko aukera izango dute bertan. Sanagustin kulturgunean egingo dituzte ekintzak, 12:00etatik aurrera.

Su Ta Gar taldearen kontzerturako sarrerak honako lotura honetan eros daitezke. Helduentzako eta haurrentzako film laburrak ikusteko sarrerak, aldiz, doakoak izango dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide