Datorren asteartean hasiko dira IV. Ingurumen Jardunaldiak

Iraia Oteiza 2023ko aza. 1a, 11:30

Naturak zaintzen gaitu lelopean, guztira bi jarduera eta bi hitzaldi eskainiko dituzte Azkoitian zein Azpeitian. Azpeitiko lehen jarduera hilaren 7rako antolatu dute: Arturo Elosegi eta Antxon Gomez adituek Baso helduak eta konektibitate ekologikoa: Urola Kosta kasua hitzaldia eskainiko dute Baigeran, 19:00etan.

Urola Bizirik taldeak, Azkoitiko eta Azpeitiko udalen laguntzarekin antolatuta, Ingurumen Jardunaldiak egingo ditu laugarrenez datorren asteartetik aurrera. Naturak zaintzen gaitu lelopean, guztira bi jarduera eta bi hitzaldi eskainiko dituzte Azkoitian nahiz Azpeitian.

Hilaren 7an, asteartez, hasiko dira Ingurumen Jardunaldiak Azpeitiko Baigeran. Arturo Elosegi eta Antxon Gomez adituek, Baso helduak eta konektibitate ekologikoa: Urola Kosta kasua izeneko hitzaldia eskainiko dute bertan, 19:00etan.

Jardunaldiek Azkoitian izango dute jarraipena. Azaroaren 11n, larunbatez, ezkurrak landatuko dituzte Abaraxka inguruan dagoen herriko baratza parkean. Urriaren amaieran taldeak Martirieta aldean bildutako ezkurrak izango dira landatuko dituztenak.

Hilaren 15ean, berriz, Landare exotiko inbaditzaileak hitzaldia eskainiko dute Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan. Aitziber Sarobe Biologian doktorea eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea izango da hitzaldia gidatuko duen aditua. 

Azaroaren 18ko mendi irteerarekin emango zaie amaiera aurtengo Ingurumen Jardunaldiei. Baso heldu misto baten bisita gidatua Pagoeta inguruan izeneko bisita gidatua eskainiko dute, 9:00etan, Arturo Elosegik eta Antxon Gomezek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide