Promozio mailako Lau eta Erdikoaren finala jokatuko du berriro Julen Egigurenek

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 2a, 10:29

Julen Egiguren, atzo, partida irabazi berritan. (EITB)

9-0, 16-2 eta 21-19 atzetik ibili ondoren, Expositori irabazi zion azpeitiarrak atzo, Berrizen; hirugarren aldiz eta bigarrenez jarraian, txapelaren bila lehiatuko da. Bihar, Unai Alberdik Zubizarretaren kontra jokatuko du beste finalaurrekoa.

Julen Egiguren azpeitiarrak hirugarren aldiz jokatuko du esku pilotako Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala. Atzo, Aspe enpresako aurrelariak 22-21 gainditu zuen Exposito Berrizen (Bizkaia), ia partida osoan eta amaierako txanpa erabakigarrian atzetik ibili ondoren. Izan ere, 9-0 eta 16-2 galtzen joan zen Egiguren, baina ez zuen etsi; markagailuari buelta ikusgarria eman, eta aurretik jartzea lortu zuen. 19-17 aurretik zela, saketik falta egin zuen, Exposito 21-19 jarri zen berriro aurretik, baina azpeitiarra izan zen 22.era iritsi zena.

Horrenbestez, hirugarren aukera izango du Egigurenek Promozio mailako Lau eta Erdikoaren txapela janzteko. Jarraian jokatuko duen bigarren finala izango du aurtengoa. Iaz, Salaberriaren kontrako finala 22-16 galdu zuen; 2022koan ere, egun eta toki berean lortu zuen finalerako txartela azpeitiarrak: Berrizen, azaroaren 1ean, Bakaikoa gaindituta. Lehen finala, berriz, 2020an jokatu zuen Egiguren V.ak, eta 22-5 galdu zuen Elordiren kontra.

Bihar, Unai Alberdiren txanda

Azpeitiarren arteko finala izan daiteke aurten Promozioko Lau eta Erdikoan. Izan ere, bihar jakingo du Egigurenek finalean aurkari nor izango duen, eta Unai Alberdi da bigarren finalaurrekoaren protagonistetako bat.

Baiko enpresako aurrelari azpeitiarrak Zubizarretaren kontra jokatuko du partida hori, bihar, Villabonan (Gipuzkoa).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide