Laugarren garaipena erreskadan Juaristi ISBrentzat

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 2a, 11:24

Juaristi ISBkoak Ponferradaren kontra lortutako garaipena ospatzen, atzo, Azpeitiko kiroldegian. (ISB)

Ponferradari 80-63 irabazi zioten atzo Iraurgikoek Azpeitian. Eneko Errastik nagusiekin debutatu eta lehen minutuak jokatu zituen Zilarrezko LEB ligan.

Juaristi ISBk Zilarrezko LEB ligako bosgarren jardunaldiko neurketa jokatu zuen atzo Azpeitiko kiroldegian, eta 80-63 menderatu zuen Clinica Ponferrada taldea, erreskadan laugarren garaipena kateatuz.

Zulo izugarririk ireki gabe baina hasieratik bukaerara estutasun handirik pasatu gabe gainditu zuten Iraurgikoek Ponferrada. Lehen bi laurdenak 19-13 eta 23-19ko partzialekin irabazita, 43-32 aurretik iritsi ziren atsedenaldira Yon Gonzalezek zuzentzen dituen gizonak. Hirugarren laurdenean aldea lau puntu murriztea lortu zuten bisitariek (10-14), baina azken laurdenean etxekoek partida osoko partzialik garbienarekin (28-17) erantzun zioten gaztelarren erreakzio ahaleginari.

Juaristi ISBko Mohammed Abdusalam izan zen partidako jokalaririk nabarmenena –21eko balorazioa, 15 puntu eta zazpi errebote–, baina ez zen izan eguneko protagonista bakarra: Eneko Errasti harrobiko jokalariak talde nagusiarekin debuta egin zuen atzo Zilarrezko LEB ligan. Datorren igandean, azaroak 5, Zamoran jokatuko du Juaristi ISBk; orain arteko bost partidak irabazita, Zilarrezko LEB ligaren Mendebaldeko multzoko sailkapenaren buruan dago Zamorako taldea, Ciudad de Huelvarekin berdinduta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide