Korta saria jasoko dute Julian Lazkanok eta Tomas Letamendiak, Bieleren sortzaileek

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 2a, 14:51

Tomas Letamendia eta Julian Lazkano. (Irekia)

Gaur jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak beren bizitza eta enpresa ibilbideagatik nabarmentzen diren enpresaburuei eskainitako sarien aurtengo irabazleak, eta horien artean daude aurten 50 urte bete dituen Biele enpresa martxan jarri zuten bi azpeitiarrak. Hilaren 21ean banatuko dituzte sariak, Donostian.

Julian Lazkano eta Tomas Letamendia azpeitiarrak dira aurten Korta sariak jasoko dituztenetako bi. ETAk 2000. urtean hil zuen Joxe Mari Korta, eta urte hartatik ematen ditu Eusko Jaurlaritzak Arroan jaiotako enpresaburu eta Adegiko presidente izandakoaren omenezko sariak, beren bizitza eta enpresa ibilbideagatik nabarmentzen diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen jarduna aitortzeko. Hain zuzen ere, lurralde bakoitzeko enpresarien elkarteek zein Korta Bidetik fundazioak proposatzen dituzte sarituak urtero.

Gaur jakinarazi dituzte 2023an Korta sariak jasoko dituztenen izenak, eta aurten 50 urte bete dituen Biele enpresa sortu zuten Lazkano eta Letamendia daude horien artean, Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak proposatuta. Korta sarien epaimahaiak gogoratu duen bezala, Lazkanoren eta Letamendiaren "abizenen inizialen bi L letrei erreferentzia" egiten die 1973an elkarrekin sortu zuten enpresaren izenak. "Haien ibilbide pertsonalek eta profesionalek kointzidentzia ugari dituzte; besteak beste, jaiotza data (1945ean jaio zen Letamendia, eta 1946an Lazkano) eta herria (Azpeitia), ekintzaile izaera eta prestakuntza jasotzeko eta aurrera egiteko grina", nabarmendu dute Arantxa Tapia sailburua buru duten epaimahaikideek.

Kointzidentzia gehiago ere badituzte Bieleren sortzaileek. Landetako baserrietan eta hamar senideko familietan jaioak dira biak, Antzibarrenan Lazkano eta Arretxen Letamendian, eta baserriko lanak izan ziren bientzat lehen jardunak. 14 urterekin Zubiolan hasi zen lanean Lazkano; aldi berean, marrazketa linealeko eta matematikako eskoletara joaten zen. Zubiolan, zura lantzeko makinen muntatzaile ikastun hasi zen eta, urte batzuk geroago, bezeroen instalazioetan jarritako makinen muntaketa eta mantentze lanen arduradun izan zen. Letamendia, berriz, 15 urterekin hasi zen lanean Sprint enpresan, mekanika eta makinen muntaketa lanak egiten. Lazkanok bezala, lanean ez ezik ikasten ere aritu zen Letamendia gau eskoletan; eta 1968an, Letamendia ere Zubiolan hasi zen lanean, zura lantzeko makinen muntatzaile ikastun.

1973an hasi ziren beren kasa lanean Lazkano eta Letamendia, Biele sortuta; hasieretan, Belen Larrinaga Letamendiaren emaztea ere aritu zen haiekin, kontabilitate lanetan. Egurraren sektorerako makinak konpontzen eta mantentzen hasi ziren bi bazkideak Bielerekin. Urteetara, makinak diseinatzeari ekin zioten Bielen, eta horretan jarraitzen du gaur egun Urrestillan dagoen lantegiak. Lazkanok eta Letamendiak 2007an hartu zuten erretiroa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide