Xabier Aldalur: "Dendari txikiak utzi bakean, eta zentratu handietan"

Jone Arruabarrena (Gipuzkoako Hitza) 2023ko aza. 4a, 09:00

Xabier Aldalur.

Ticket Bai sistemak dendari txikiei kalte egin die lehiakortasunari dagokionez, Dendartean elkarteko teknikariaren ustez. Salatu dute gehienetan enpresa handiek egiten dutela iruzur.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Ticket Bai faktura sistema jartzeko asmoa erakutsi zuenetik, haren aurka agertu da Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkartea, merkatari txikiak enpresa handiekin zein beste leku batzuetan kokatutakoekin alderatuta desabantailan uzten zituela argudiatuta. Elkarteko kidea da Xabier Aldalur (Azpeitia, 1990).

Kalterik ekarri al die Ticket Baik merkatariei?

Uste dugu, sistema onuragarria izan daitekeen arren, hura ezartzeko beste era batera egin zitezkeela gauzak. Gipuzkoako Foru Aldundiak guztiei berdin inposatu die, eta merkatari txikiak zein enpresa handiak zaku berean sartzea kaltegarria izan da, dendari txiki batek ez duelako enpresa handi batek duen gaitasuna horrelako aldaketa baten aurrean egokitzeko. Dendariek behin eta berriz adierazten digute egunerokoan milaka arazo txiki sortzen dizkiela sistemak.

Digitalizaziora pausoa ematea kostatu zaie denda txikietako jabeei?

Dendartean eta bestelako erakunde asko tematu ginen, eta, azkenean, 60 urtetik gorako autonomoak, langilerik ez dutenak, ez dute sisteman sartu behar izan. Baina ez da nahikoa. Kasu batzuetan, sistema jartzera behartu dituzte 60 urtetik gorako autonomoak, adin bereko beste langile bat kontratatua zutelako.

Segurtasun falta sortzen die sistema berriak adinekoei?

Beldurrak sortzen zaizkie sistema digitalarekin, badakitelako informazioa zuzenean Ogasunera doala. Ez da ezer ezkutatu nahi dutelako, baizik eta gaizki egitearen beldurra dagoelako.

Irakurri elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide