Jordi Savallek eta Le Concert des Nations orkestrak Kursaalen emango duten kontzerturako autobusa jarri dute

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 5a, 08:45

Jordi Savall. (Kursaal.eus)

Azaroaren 14an, asteartea, izango da musika emanaldia, eta Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Azpeitia eta Donostia arteko joan-etorrirako doako garraio zerbitzua izango dute kontzertu horretara joateko sarrerak eskuratzen dituztenek. Azaroaren 8rako gorde behar da autobuserako lekua, udaleko Kultura sailean.

Jordi Savall zuzendariak eta Le Concert des Nations orkestrak azaroaren 14an Donostiako Kursaalen emango duten kontzertura joan nahi dutenek doako garraio zerbitzua izango dute Azpeitia eta Donostia arteko joan-etorria egiteko, Kursaal Eskura egitasmoaren barruan. Gluck, Haendel eta Rameau musikarien lanak eskainiko ditu Le Concert des Nations-ek Donostian, Savall maisuaren Los elementos y las furias proiektuaren barruan.

Kursaalek eta Azpeitiko Udalak Kursaal Eskura egitasmoaren barruan antolatutako doako autobus zerbitzua erabili nahi dutenek, Savallen eta Le Concert des Nationsen kontzerturako sarrerak eskuratu behar dituzte aurrena kursaal.eus webgunean, eta ondoren erreserbatu ahal izango dute autobuserako lekua, udaleko Kultura sailaren 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta edo kultura@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita. 30 urte artekoek zein langabezian dauden herritarrek sarrerak ere udaletxean erreserbatu behar dituzte, autobuseko joan-etorriarekin batera. 3 eurotan lor dezakete sarrera gazteek eta langabetuek; sarrera autobusarekin batera erreserbatu ondoren, kontzertuko egunean Kursaaleko leihatilan ordainduko dute horiek sarrera, adina (Ordu Gaztea) zein lan egoera (langabetua) egiaztatuta, beti ere.

Azaroaren 8an itxiko da autobusean tokia hartzeko epea. Azaroaren 14an, 19:30ean hasiko da Kursaaleko kontzertua, eta 18:15ean irtengo da hara joateko autobusa Azpeititik, anbulatorio aurreko geltokitik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide