Ahotsaren erabilera egokia lantzeko ikastaroa antolatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak

Intza Trula 2023ko aza. 4a, 16:00

Jon Imanol Etxabe. (EITB)

Ahots teknika, kantua izenburupean antolatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak ahotsaren erabilera egokia lantzeko tailerra. Jon Imanol Etxabek gidatuko du saioa eta interesa dutenek azaroaren 15erako eman beharko dute izena.

Ahotsaren erabilera egokia lantzeko ikastaroa antolatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Ahots teknika, kantua izenburupean. Jon Imanol Etxabe izango da irakaslea eta berak azaldu duen moduan "ikastaro honek ahots teknikan hastapenak egitea" du helburu: "Trikitixa taldeetako abeslariek edo irakasle eta ikasleek modu osasuntsu batean abes dezatela bermatu nahi dugu. Arnasketa, apoioa, eztarrik abestea eta baliabide estilistikoak landuko dira, besteak beste."

Tailerrean izena emateko interesa dutenek trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzi beharko dute azaroaren 15erako eta 50 euro ordaindu –elkarteko bazkideek %15eko beherapena izango dute–. Leku mugatuak egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek. Ikastaroa azaroaren 18an izango da Basazabal jauregian, 09:30etik 13:30era.

Zumarte musika eskolako irakasle izateaz gain, Goiko Gela gospel taldeko kide ere bada Jon Imanol Etxabe eta 2019. urtetik Musikene eskolan dabil goi mailako ikasketak egiten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide