Kanporaketan denbora onena eginda, Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko du Larrañagak

Nerea Uranga 2023ko aza. 5a, 11:39

Mikel Larrañaga atzo Tolosan jokatukotako kanporaketan. (Imanol Garcia Landa/Ataria.eus)

Tolosan jokatutako Sherpa.ai Aizkolarien Txapelketa Nagusiaren kanporaketan, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a, Eneko Otaño, Ugaitz Mugertza, Julen Larrea eta Ibai Soroa sailkatu dira finalerako. Abenduaren 8an jokatuko dute finala Bilbon.

Atzo eguerdian jokatu zuten Sherpa.ai Aizkolarien Txapelketa Nagusiaren kanporaketa Tolosan (Gipuzkoa) 11 aizkolarik. Bertan erabaki ziren txapelketaren final handia jokatuko duten seiak. Atzokoan lan onena Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak egin zuen, lanak 19.39 denboran bukatuta. Haren atzetik egin zuen Txikia IV.a azkoitiarrak, 20.02 denbora eginda. Hirugarren sailkatua, berriz, Eneko Otaño beizamarra izan zen, 20.52 denborarekin.

Lehen hiru aizkolari horiekin batera, finalerako txartela lortu dute Ugaitz Mugertzak (21.10), Julen Larreak (22.30) eta Ibai Soroak (22.37). Gainontzeko aizkolarientzako kanporaketan bukatu da txapelketa nagusikoa, honako denborak egin zituzten atzoko kanporaketan: Txomin Amundarain (23.01), Eloy Kortxero (23.13), Jexux Mari Mujika (24.17), Eneko Saralegi (26.02) eta Axier Pellejero (29.40).

Sherpa.ai Aizkolarien Txapelketa Nagusiaren finala abenduaren 8an jokatuko dute Bilbon.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide