Red Bull Illume argazki lehiaketaren finalera sailkatu da Alex Berasategi

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 6a, 09:45

Izarraitz skate parkea, airetik. Red Bull Illumek aukeratutako irudia. (Alex Berasategi)

Red Bull Illumek 250 argazki aukeratu zituen finalaurrekoetarako, eta ostegunean jakinarazi zituzten 50 finalisten izenak. Berasategi Izarraitz skate parkean ateratako argazki batekin sailkatu da finalera. Azaroko azken astean egingo dute finaleko gala nagusia Austrian, eta han izango da argazkilari azpeitiarra.  

Alex Berasategi argazkilari azpeitiarra Red Bull Illum argazki lehiaketaren finalera sailkatu da Izarraitz skate parkean ateratako irudiarekin. Urrian jakin zuen Berasategik lehiaketara aurkeztutako irudia finalaurrekoetarako hautatua izan zela, eta joan zen ostegunean, berriz, finalean izango dela. Hain zuzen, Red Bull Illumek 250 argazki aukeratu zituen finalaurrekoetarako eta horietatik 50 soilik iritsi dira finalera, hamar kategoriatan sailkatuta.  Argazkilari azpeitiarra Sormena kategorian ari da lehiatzen. 

Mundu osoko hainbat txokotako argazkilariek parte hartzen dute Red Bullek sustatutako sariketan, eta akziozko eta kirol arloko irudi ikusgarriak izaten dira protagonistak. Berasategik hautatutako irudia airetik ateratako argazkia da, eta konposizio dotorea du. Izarraitz skate parkeko malden ertzek duten formarekin jolastu du Berasategik, eta irudiaren erdian Enaitz Odria skaterra ageri da kirol hori praktikatzen. 

Red Bull Illumeko finalista guztiak gonbidatuta daude azaroaren 28tik 30era Söldenen (Austria) egingo duten Red Bull Illume Winner ekitaldira. Bertan, sariketako hamar kategorietako irabazleak jakinaraziko dituzte. Finaleko ekitaldian izango da Berasategi. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide