Porrota, Lagun Onaken bi talde nagusientzat

Intza Trula 2023ko aza. 6a, 14:38

Lagun Onakeko neskak larunbateko partidan. (Nerea Uranga)

Lagun Onakeko emakumeen lehen taldeak larunbatean jokatu zuen jardunaldiko partida etxean Antiguokoren aurka. 0-1 amaitu zen partida. Gizonezkoen taldeak, aldiz, Basaurin jokatu zuen atzo, Baskoniaren aurka, eta 2-1 galdu zuen.

Punturik gabe amaitu dute Lagun Onakeko talde nagusiek asteburua. Larunbatean jokatu zuten emakumezkoek etxean, eta 0-1 galdu zuten  Antiguokoren aurka. Ligako hamaikagarren postuan daude neskak, zortzi punturekin, eta datorren asteburuan Touring taldearen aurka izango dute hiru puntuak eskuratzeko aukera.

Lehenengo zatian atzean sartu ziren azpeitiarrak, eta defentsa lanetan ondo jardun bazuten ere, donostiarrek partiduko gol bakarra izango zena sartzea lortu zuten. Bigarren zatian, aldiz, aurrerago atera ziren eta zertxobait deserosoago sentiarazi zituzten aurkariak, nahiz eta markagailua berdintzerik ez lortu.

Gizonezkoek, aldiz, Baskonia izan zuten aurrez aurre atzo, eta denboraldiko lehen porrota jaso zuten. Basauriko Artunduaga zelaian jokatu zuten lehia eta 2-1 amaitu zuen markagailuak.

Lehenengo zatian talderik gailendu ez bazen ere, aukerarik garbiena Lagun Onakeko Jakes Arambarrik izan zuen buruz. Baskoniak ere izan zuen bere aukera lehen 45 minutuetan, baina Errasti atezainak bikain egin zuen bere lana eta 0-0 joan ziren atsedenaldira.

Bada, bigarren zatiko hirugarren minutuan heldu zen etxekoen lehen gola. Hala eta guztiz ere, azpeitiarrek ez zituzten indarrak galdu eta minutu batzuk beranduago lortu zuten partida berdintzeko gola sartzea, baina arbitroak jokoz kanpokoa adierazi eta gola baliogabetu zuen. 

73. minutuan Lagun Onaken urruntze bat aprobetxatu zuen Baskoniak bigarren gola sartzeko. Markagailua 2-0 geratuko zela zirudienean, 90. minutuan azpeitiarren aldeko penaltia adierazi zuen arbitroak, eta Jagobak ez zuen hutsik egin hamaika metroetatik. Gol horrek ez zion irabazteko balio izan Azpeitiko taldeari, 2-1 amaitu baitzen partida. Laugarren postuan dira gizonezkoak ligan, hogei punturekin, eta datorren jardunaldian Ondarroako Aurrera taldea izango dute aurrez aurre.

Baskoniaren eta Lagun Onaken arteko partida. (Ander Uria)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide