Ireki da 41. Euskal Antzerki Topaketen teloia. Joan zen ostegunean hasi ziren Euskal Antzerki Topaketak, Salbe, publikoa obrarekin. Dinamoa sormen gunean eskaini zuten obra Goaz antzerki taldekoek, eta Dinamoa sormen guneko bazterretan barna murgildu zituzten ikusleak. Ostiralean, Artedramak Hondamendia antzezlana oholtzaratu zuen, eta jendez bete zen Soreasu antzokia. Atzo, igandez, Zestoako Eromen antzerki taldekoak izan ziren protagonistak, eta haiek Higa obra eskaini zuten.
Txotxongiloek ere hartu dute lekua. Urtero bezala, Corrado Masacciren txotxongilo erakusketa ikusgai dago Betharram aretoan. Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroko hainbat txotxongilo ere ikusgai daude Soreasu antzokiaren sarreran. Europa osoan txotxongilo arteari eskainitako zentro integral bakarra da Topic. Bildumaren xehetasunez gozatzeko aukera izango dute herritarrek antzerki emanaldien aurretik eta ondoren. Datorren igandean, berriz, 11:00etan, Txotxongiloak egiten ikasteko tailerra eskainiko dute Dinamoa sormen gunean.
Asteburuko ekitaldien argazki bilduma osorik ikusgai, Kulturaz kooperatibaren Artxibategi Digitalean.
Hona hemen datozen egun eta asteetan izango diren antzerkien egutegia:
- Azaroak 9, osteguna:
Identitarteak. Giltxikari taldea. 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Helduentzat. - Azaroak 10, ostirala
Itsas behera. Pez Limbo. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat. - Azaroak 11, larunbata
Troia. Kamikaz Koletiboa. Kale antzerkia. 12:30ean, Soreasuko plazan. Denentzat. - Azaroak 12, igandea
Lagun beltz asko. Ados Teatroa. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat. - Azaroak 16, osteguna
(H)ondoko gela. Les Bobe Bobe elkartea. 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Helduentzat. - Azaroak 18, larunbata
Arraina bihotzean. Mar-Mar Teatroa. 17:00etan, Soreasu antzokian. Familientzat. - Azaroak 23, osteguna
Badon*. 2023-24 Korrika Kulturala; estreinaldi aurrekoa. Ondoren, Topaketetako sari banaketa. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!