Red Bull Illume argazki lehiaketaren finalera sailkatu zara. Ospe eta maila handiko lehiaketa da. Nola hartu duzu berria?
Sorpresaz. Aurrena, finalaurrekoetara sailkatu nintzela jakin nuen, eta harriduraz jaso nuen berria. Are gehiago harritu nau finalera sailkatu naizela jakiteak, maila eta ospe handiko argazkilariek parte hartzen duten lehiaketa baita Red Bull Illume. Dena den, eta egia esanda, lehiaketa honetarako moduko argazkia da aurkeztu dudana. Beste urteetan hautatu dituzten irudiak ikusten ibili naiz, eta nire argazkiak baditu lehiaketa honetarako aproposak diren ezaugarriak. Oso pozik nago, eta finalerako gogotsu.
Nolatan animatu zinen lehiaketan parte hartzera? Aurrez ezagutzen al zenuen sariketa?
Ezagutzen nuen, bai. Azkenaldian kirol eta akziozko argazkilaritza arloan jarduteko apustua egiten ari naiz. Nire argazkilari bizitza aldatu nahi nuen, eta apustua egitea erabaki nuen duela hilabete batzuk. Aipamena jaso duen argazkia kasualitatez irten zen, eta ikusi nuenean pentsatu nuen balio zezakeela Red Bullek egiten duen lehiaketara aurkezteko. Beti pentsatu izan dut nire argazkiak ez direla maila honetako lehiaketetarako modukoak, ez dutela nahikoa kalitate, baina argazki honek zerbait berezia zuela iruditu zitzaidan, eta aurkeztera animatu nintzen.
Izarraitz skate parkean ateratako irudi bat aukeratu duzu lehiaketarako. Zein dira aurkeztutako argazkiaren berezitasun teknikoak? Zerk egiten du berezi eta ikusgarri?
Ikuspuntua da azpimarragarriena. Airetik ateratako argazkia da, eta horrek joko handia ematen du. Azken boladan badirudi ohitu egin garela dronekin ateratako argazkiak ikustera, baina oraindik aireko zenbait ikuspuntuk irudi desberdinak eskaintzen dizkigute. Konposizioa ere oso garrantzitsua da argazkian, konposizio oso garbia baitauka. Skate parkeko malden ertzekin jolastu nuen. Behetik ikusita, aldapak dira protagonistak, baina nire irudian ez da maldarik ikusten; zorua laua dela dirudi. Era berean, akzioa ere badauka argazkiak, eta erdian Enaitz Odria skater azpeitiarra ageri da, kirola praktikatzen. Beraz, konposizio dotorea eta akzioa uztartuta, zerbait polita gelditu dela iruditzen zait. Irudi lasaia da, baina akzioa dauka, eta horrek berezi egiten du.
Finalerako hautatu dituzten gainerako lanak ikusiko zenituen. Finalera begira, ba al duzu irabazteko aukerarik?
Duela egun batzuk aritu nintzen argazki guztiak ikusten, baina batez ere nire kategorian lehiatuko diren irudietan jarri nuen arreta. Argazki oso onak daude, maila handia dago, baina uste dut badaukadala irabazteko aukera txiki bat. Esan bezala, aurkeztutako argazkiak lehiaketa honetan baloratzen diren ezaugarri asko ditu. Argazki finalista bakoitzak dauka bere puntua, eta nireak ere badauka berea.
Sormena kategorian ari zara lehiatzen. Hamar kategoria ditu lehiaketak. Zer dela-eta erabaki zenuen maila horretan lehiatzea?
Niretzako argazkilaritza beti izan da zerbait desberdina egitea eta sortzea. Saiatzen naiz ohikoak diren argazkiak ez egiten, nire kutsu pertsonala eskaintzen. Dena asmatuta dago, baina ahalegintzen naiz inguruko argazkilariek egiten ez dituzten gauzak egiten. Zentzu horretan da berezia skate parkeko irudia, eta iruditu zitzaidan bazuela sormen artistikotik eta teknikotik. Horregatik sailkatu nuen kategoria horretan. Beste bi irudi ere aurkeztu nituen Red Bull Illumera, baina haiek beste mota batekoak ziren, mendiko bizikleta jaitsieretan ateratakoak.
Austrian izango zara azaroaren 28tik 30era, Red Bull Illume Winner ekitaldian. Irabazi edo ez, erakusleiho ona izango da.
Bai, baina batez ere esperientzia bizitzeko balioko dit. Orain arte jarraitu ditudan argazkilari asko Austrian egongo dira, eta haiekin espazioa eta finala elkarbanatzea ederra izango da. Maila handiko argazkilariekin esperientzia elkarbanatzea izango da aberasgarriena; izan ere, finala ez ezik, hitzaldiak eta tailerrak ere izango dira. Azaroaren 29a formazio eguna izango da, eta maila handiko profesionalekin egotea izugarria izango da. Finalean egoteak izan dezakeen eragin mediatikoaz aparte, irabazi edo ez, niretzako esperientzia aberasgarria izango da.
Ezkontzak, paisaiak, objektuak... denetarik jasotzen duzu irudietan. Zein da argazkiak egiteko gehien atsegin duzun arloa?
Beti gustatu izan zait gauza berriak probatzea. Jendeak pentsatzen du ezkontzetako argazkilaria naizela, baina ni argazkilaria naiz, eta denetarik egitea atsegin dut. Ez dut gustuko arlo batera soilik lotzea. Argazkilaritzak aukera asko eskaintzen ditu, eta niri horiek guztiak ikustea gustatzen zait. Orain arte egin dudana atsegin dut, baina gauza berriak esperimentatzea ere bai.
Etorkizunera begira, ba al duzu proiekturik esku artean?
Hurrengo urterako nire helburua da mendiko bizikletako munduko txapelketetan sartzea argazkilaritza talde on batekin. Harremanak egiten ari naiz. Mendiko bizikleta atsegin dut, praktikatzea nahiz ikustea. Aurten bi txapelketatan izan naiz argazkilari akreditazioarekin, eta asko gustatu zait esperientzia, giroa eta nire lanaren emaitza. Beraz, arlo horretan ateak jotzen ari naiz.