XVI. Ardo Dastaketa Eguna eta Euskal Herriko IX. Txorizo Egosi Lehiaketa, larunbatean plazan

Intza Trula 2023ko aza. 7a, 16:50

XVI. Ardo Dastaketa Egunaren eta Euskal Herriko IX. Txorizo Egosi Lehiaketaren aurkezpena, gaur. (Azpeitiko Udala)

Gaur eman dituzte egitarauari buruzko xehetasunak Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak, Valentin Odriozola Edertoko ordezkariak, Ainhoa Maiztegi Gipuzkoako Merkatarien Federazioko kideak eta Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko ordezkariek.

XVI. Ardo Dastaketa Eguna eta Euskal Herriko IX. Txorizo Egosi Lehiaketa egingo dituzte larunbat honetan Azpeitiko plazan. Ohikoa den moduan, ardoa eta txorizoa izango dira protagonista, 11:30etik hasi eta 14:30era bitartean. Egitarauaren aurkezpena egin dute gaur goizean, eta bertan izan dira Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburua, Valentin Odriozola Edertoko ordezkaria, Ainhoa Maiztegi Gipuzkoako Merkatarien Federazioko kidea eta Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko ordezkariak.

Goizeko agerraldian egun horretan plazan sortzen den giroa nabarmendu du Odriozolak: "Ardo Eguna egun polita izan ohi da azpeitiarrontzat; XVI. edizioa izango da, eta ardoa dastatzera ateratzeko ohitura hartu du jendeak. Gainera, gazteak zein helduak elkartu ohi dira plazan". Era berean, Euskal Herriko Txorizo Egosi lehiaketak duen indarra nabarmendu du: "Garrantzitsua izaten da ekoizleentzat, beren produktuak erakusteko aukera bat delako lehiaketa haientzat".

Horrez gainera, Festa batzordeburuak eskerrak eman nahi izan dizkie eguna antolatzen jarduten duten pertsona, elkarte, harategi eta upategi guztiei; tartean, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa eta Harakinak Gipuzkoa elkartea, Odriozola Ardoak, Ederto, Azkune fruta denda, Villegas arrandegia, Misio Taldea eta Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldea.

Hain zuzen, txorizo pintxoak egosteaz eta banatzeaz Misio Taldeko kideak arduratuko dira, Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldearen laguntzarekin, eta haien proiektuetarako bideratuko dute lortzen duten dirua. Gazta erosteko aukera ere egongo da, baserritarrek jarriko dituzten bi postuetan.

Pintxoak bi euroan salduko dira, ardoa dastatzeko kopa euro batean, eta ardoaren txartelak (bi dastaketa) bi euroan. Epaimahaia sukaldari, harakin eta merkatarien ordezkariek osatuko dute. Horrez aparte, eguna girotzeko asmoz, mahatsez betetako aska bat ere jarriko dute, eta dantza suelto eskolako bikote batek zapalduko du mahatsa.

Arratsaldean, San Martin Eguna izanik, Buztinzuriko Errebaleko festen barruan sokamuturra egingo dute, 16:30ean. Berrikuntza gisa, Errebalean bertan ez ezik, Goiko Kalen ere ibiliko da zezena, Artetxe inguruan.

Hamalau upategitako ardoa

Larunbat goizean hamalau upategitako ardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek: Arabako Errioxako jatorri izeneko Tobelos, Eguren Ugarte, Viña Real, Ostatu; Errioxako jatorri izeneko Zinio, Dominio de Berzal, Beronia, Valcuerna, Lan, Olarra eta Pierola; Nafarroako Inurrieta; Portugalgo Quinta do Barco eta Kataluniako Penedes.

22 harategi, lehian

Aurtengoan Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako 22 harakin izango dira Euskal Herriko IX. Txorizo Egosi Lehiaketan: Valentin Odriozola (Azpeitia), Agirre-Etxe (Arrasate), Jose Maria Otegui (Eibar), Joxe Mari Barriola (Ibarra), Arrizabalaga Senideak (Mutriku), Lasa (Ordizia), Kepa (Orio), Benito Deba (Ormaiztegi), Pako (Olazti), Arozena (Tolosa), Miren (Tolosa), I. Barriola (Tolosa), Oiarbide (Zegama), Uzkudun (Zestoa), Otamendi (Arrasate), Arteaga (Donostia), Lezama (Zumaia), San Sebastian (Azpeitia), Gesalaga (Zarautz), Bengoetxea (Donostia), Rekalde (Igorre), Maialen (Donostia).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide