Zapatu gaueko eraso matxista salatu dute plazan

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 7a, 18:22

Itaiak deituta gaur arratsaldean plazan egin duten elkarretaratzea. (Mailo Oiarzabal)

Hainbat herritar batu dira Urola Erdiko Itaiak deituta elkarretaratzean, gizon talde batek zenbait emakume jazarri izana salatzeko.

Indarkeria matxista orori aurre egin! dioen pankartaren atzean elkartu dira gaur ere hainbat herritar Azpeitiko plazan, Urola Erdiko Itaiak deituta. Gaurkoan, joan den zapatu gauean jazotako eraso bat salatzeko eta erasotutako emakumeei babesa adierazteko elkartu dira plazan. Hain zuzen ere, zapatuan gizon talde batek zenbait emakume jazarri, haiei ukituak egin eta, taldean, erasotutako emakumeak gune batetik bestera jarraitu zituztela salatu du Itaiak.

Eta hau izan da elkarretaratzean irakurri duten salaketa mezua:

"Kontuan hartu beharrekoa da, kasu hau isolatua izatetik urrun, ideologia matxistak eragindako kasu latzetako bat gehiago dela. Izan ere, nahiz eta gaur egun berdintasunaren aldeko aldarriak oso hedatuta egon, errealitateak kontrakoa erakusten digu, eta pasa den asteburuko kasua da horren adibide. Gainera, sarritan, beraien posizioa baliatuta, erasotzaileek inpunitate osoz jarduten dute, eta inpunitate sozial hori ez seinalatzeak eta ez borrokatzeak, indarkeria matxista kasuak normalizatzea eta betikotzea dakar. Modu horretan, halaber, bide ematen zaie praktikarik pentsaezinei ere, talde izaera dutenei kasu.

Errealitatea hau izanik, ezinbestekoa deritzogu eraso ororen aurrean erantzun irmoak antolatzea, eta ezin dugu onartu horrelakoetan beste albo batera begiratzea. Izan ere, guztion ardura da horrelako kasuak gehiago ez gertatzeko bermeak jartzen joatea: kuadrillakoen ardura, erasoa ikusi dutenen ardura, tabernarien ardura...

Horrenbestez, Urola Erdiko Itaiatik, inpunitate soziala eta eraso matxistak normalizatzen dituen norma kultural matxista borrokatzeko beharra azpimarratzen dugu, eta bide horretan, erasotuak izan diren emakumeak babesteko, antolakuntza bitartekoak garatzen joatea ere urgentziazko zeregina zaigu. Bada, bide horretan jarraituko dugu lanean".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide