Gazako sarraskia gelditzeko eskatu dute hainbat herritarrek

Ihintza Elustondo 2023ko aza. 7a, 19:28

Gernika-Palestina herri deialdiak deituta, Gazarako konponbide politikoa eskatzeko mobilizazioak egin dituzte gaur Euskal Herri osoan, baita Azpeitian ere. Goizetan ikastetxeetan eta lantokietan izan dira protestak, eta iluntzean hainbat herritar bildu dira plazan egin duten elkarretaratzean.

Gernika-Palestina ekimenak Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna! leloarekin mobilizaziorako deia egina zuen gaurko, azaroak 7, Euskal Herri osoan. Goizetan ikastetxeetan eta lantokietan, eta iluntzean herri bakoitzeko udaletxeetako atarietan elkarretaratzeko deiari hainbat herritarrek erantzun diote Azpeitian.

Goizean, besteak beste, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko irakasle talde batek eta Biele eta Ormola enpresetako hainbat langilek hartu dute tartea Israelen erasoak gelditzea eskatzeko eta Palestinarekin elkartasuna adierazteko. Iluntzean, berriz, dozenaka lagunek egin dute bat plazako elkarretaratzean; ELAk, LABek, EH Bilduk, Sortuk, Ernaik eta Elkar-ekinek beren atxikimendua plazaratu eta elkarretaratze horretan parte hartzeko deia egina zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide