Bihar hasiko dituzte Lasaon samartinak, jaietako suziria botata

Nerea Uranga 2023ko aza. 9a, 08:30

Iazko Lasaoko samartinetako azoka. (Anartz Izagirre)

Bihartik igandera ospatuko dituzte San Martin jaiak Lasao auzoan. Bihar, 20:00etan, botako dute txupinazoa, eta ondoren, bertso afaria izango dute auzo elkartean. Larunbatean adinekoentzako eta haurrentzako ekintzak antolatu dituzte, eta igandean, festetako ohiturari hutsik egin gabe, auzoko abere eta produktuen azoka eta erakusketa egingo dituzte.

Hiru festa egun izango dituzte Lasaon, bihartik igandera bitartean. Samartinetan ohikoak dituzten ekintzak antolatu dituzte aurtengorako ere, adin guztietako auzotarrak kontuan hartuta. Festak hasteko txupinazoa bihar (20:00) botako dute, baina zapatuan haurrek (12:30) beren jaietako suziria jaurtiko dute, buruhandien kalejira eta beraientzako festetako ekintzak hastearekin batera.

Lasaoko samartinetan ohi bezala, igandean auzoko produktuen eta abereen azoka eta erakusketa egingo dituzte.

Egitaraua:

  • Azaroak 10, ostirala
    - 20:00. Txupinazoa
    - 20:30. Bertso afaria, auzoko elkartean. Andoni Egaña eta Oier Etxeberria bertsolariekin, eta. Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuta.

  • Azaroak 11, larunbata. San Martin eguna.
    - 11:00 Meza.
    - Ondoren, auzoko adinekoentzat hamaiketakoa, elkartean.
    - 12:30. Haurren txupinazoa eta buruhandiak.
    - 13:00. Iago magoaren magia ikuskizuna.
    - 14:00. Auzoko haur eta gaztetxoen bazkaria.
    - 16:00. Puzgarriak, frontoian.
    - 17:00. Txokolate jana.
  • Azaroak 12, igandea
    - 11:00. Lasaoko abere eta nekazal produktuen azoka eta erakusketa.
    - 11:30. Zestoako Idiakaitz txistulari taldea, eta Ioritz eta Iraitz trikitilariak. Erraldoien eta buruhandien kalejira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide