Nafarroako hilketa bikarioa salatu du udalak

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 9a, 10:01

Herenegun 7 urteko haur baten gorpua agertu zen Urbasan, Ubabako amildegian, haren aitarenaren alboan. Autopsiak baieztatu zuen gizonak semeari heldu eta salto egin zuela. Hildakoaren senitarteko zein gertukoei elkartasuna adierazi die udalak. Era berean, erakundeak nabarmendu du "emakumeen eta haurren aurkako indarkeria egiturazko arazoa" dela. 

Azpeitiko Udalak Nafarroan hildako 7 urteko haurraren hilketa salatu du. Asteartean aurkitu zituzten ostiraletik desagertuta zeuden 7 urteko mutikoaren eta 54 urteko haren aitaren gorpuak, Urbasan (Nafarroa), Ubabako amildegian. Haurraren amak jarri zuen salaketa. Herenegun agertu zen 7 urteko haurraren gorpua Ubabako amildegian, haren aitarenaren alboan. Autopsiak baieztatu zuen gizonak semeari heldu eta salto egin zuela. Hilketa bikarioa izan zela diote orain arteko zantzu guztiek, eta hori salatu zuten atzo, asteazkena, Lizarran, ehunka herritarrek. Indarkeria bikarioko kasua dela egiaztatuko balitz, hamabi lirateke 2003tik Euskal Herrian bortxa matxistaren ondorioz hildako haurrak.

Azpeitiko Udalak hildako haurraren senitarteko zein gertukoei bere elkartasuna adierazi dio, eta azaldu du ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik, "ez Azpeitian eta ez beste inon ere". Era berean, "urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea herritarren ardura" ere badela esan du erakundeak.

"Emakumeen eta haurren aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, eta indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, gizartean aski errotuta dauden generoen gaineko aurreiritziak dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea", adierazi du erakundeak. Hori dela eta, lanean jarraitzeko prestutasuna agertu du udalak: "Gainerako erakunde publikoekin eta herri eragileekin batera, lanean jarraituko dugu berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatzeko; eraso oro gaitzetsiz, indarkeriari matxistari aurre egiten dietenei babesa emanez, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraituz, eta baliabideak bideratuz".

"Hilketa salatzeko mugimendu feministak antola ditzakeen mobilizazioekin" bat egin du udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide