Euskara taldea osatzen hasiko dira asteleheneko bilkuran

Intza Trula 2023ko aza. 10a, 09:00

Azpeitian euskara taldea sortu ala ez erabakitzeko bilera, urriaren 30ean. (Utzitakoa)

Euskara taldea sortzeko erabakia hartu zuten urriaren 30ean Basazabalen egindako bileran; astelehenean, taldea osatzen hasteko elkartuko dira, 19:15ean Sanagustin kulturgunean. Taldearen sustatzaileek herritar oro gonbidatu dute saiora.

Euskara taldea osatzen hasiko dira astelehenean Sanagustin kulturgunean egingo duten bileran. Hain zuzen, joan den urriaren 30ean erabaki zuten Azpeitian euskara taldea sortzea, Basazabalen 30 lagun inguruk egindako bileran. 

Sustatzaileek azaldu duten moduan, euskara talde berriaren eginkizuna "herritarren kontzientzian eragitea" izango da, "atzerapauso batzuk gertatzen ari baitira". Hain zuzen, lehen hilabete hau hainbat kontu erabakitzeko baliatuko du taldeak: talde finkoa, izena, antolaketa, sarea, lan eremuak, komunikazio euskarriak...

Bilera astelehenean Sanagustin kulturgunean izango da, 19:15ean. Edozein herritarrek du taldeko kide izateko aukera, norbanako gisa betiere, ez entitate bat ordezkatuta. Hori horrela, sustatzaileek interesa izan dezaketen guztiak gonbidatu dituzte datorren asteko saiora.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide