Toka saioa eta bertso emanaldia, San Martin Asteari jarraipena emateko

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 10a, 10:00

Asteazkenean hasi zen San Martin egoitzako astea, eta askotariko ekintzak egingo dituzte larunbatera bitarte. Atzo, osteguna, toka saioaz eta Oier Etxeberriaren eta Naia Arrizabalagaren bertso emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten adinekoen egoitzako egoiliarrek. Bihar familien eguna izango da. 

Urtero bezala data hauetan egin ohi duten bezala, San Martin Astea ospatzen ari dira San Martin egoitzako egoiliarrak. Aurten, lau eguneko egitaraua oparoa antolatu dute adinekoen egoitzakoek, eta asteazkenean eman zieten hasiera ekintzei, txokolate janarekin eta bingo bereziarekin. Atzo, ostegunez, jarraitu zuten jarduerekin. Goizean, tokan aritu ziren San Martineko egoiliarrak eta langileak, eta giro ederra sortu zen toka saioaren aitzakian. Arratsaldean, berriz, bertso emanaldia eskaini zuten Oier Etxeberria bertsolari azpeitiarrak eta Naia Arrizabalaga azkoitiarrak. Bi gazteen bertsoaldiekin arratsalde atsegingarria igaro zuten egoitzan. 

Gaur goizean Julen Magoaren emanaldia izango da, eta bihar Familiaren Eguna ospatuko dute. Hona hemen egitaraua:

  • Azaroak 10, ostirala.
    - 11:00. Julen magoa.
  • Azaroak 11, larunbata. Familiaren Eguna.
    - 10:30. San Martin eguneko meza nagusia.
    - 11:30-12:30. Luntxa familiekin.

(Argazkiak: San Martin Egoitza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide