Oinarrizko produktuen bilketa handiarekin hasi dira Kontseilu Sozialistako kideak

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 10a, 12:51

Bilketako irudi bat. (Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)

Atzo hasi ziren ikasturteko lehen bilketa handia egiten Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Gaur eta bihar ere jasoko dituzte produktuak, Oinarrizko Produktuen Biltegiko erabiltzaileentzako. Hilero, ehunka laguni banatzen dizkiete produktuak Kontseilu Sozialistako kideek. 

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak oinarrizko produktuen ikasturteko lehen bilketa handia egingo du egunotan. Atzo hasi ziren Oinarrizko Produktuen Biltegiko erabiltzaileentzako produktuak biltzen, eta gaur eta bihar ere jarriko dute postua Azpeitian, Azkoitian nahiz Zestoan. Azkoitian, BM eta Eroski txikiaren kanpoaldean jarriko dute postua, Azpeitian, Juan XXIIIko eta Sanjuandegiko Eroski saltokien atarian; eta Zestoan, Gesalaga kalean.

Gaur 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da produktuak emateko aukera leku horietan, eta bihar, larunbata, 10:00etatik 13:00etara egingo dute bilketa.

Azken urteetan, biltegiak Urola Erdiko ehunka laguni eman die sustengua, hilero-hilero, oinarrizko hainbat produktu banatuta. Gaur egun ere lan horrekin jarraitzen dute eskualdean, eta, besteak beste, kalean egindako bilketen bidez  zein herritarren borondatez hornitzen dute bankua. Aurten, bizitzaren garestitzea jarri dute jopuntuan. Guztira, bostehundik gora lagunek jo dute Urola Erdiko Oinarrizko Produktuen Biltegira. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide