Eguraldiak lagundu ez badu ere, jendea bildu da herriko plazan XVI. Ardo Dastaketa Egunean. Arabako Errioxako, Errioxako, Nafarroako, Kataluniako eta Portugalgo hamalau upategietako ardoa dastatzeko aukera izan dute plazara gerturatu direnek. Hain zuzen ere, honako upategietako ardoak izan dira dastagai: Arabako Errioxa sor markako Tobelos, Eguren Ugarte, Viña Real eta Ostatu; Errioxa sor markako Zinio, Dominio de Berzal, Beronia, Valcuerna, Lan, Olarra eta Pierola; eta Nafarroako Inurrieta, Kataluniako Juve & Camps eta Portugalgo Quinta do Barco. Bestalde, herriko gaztandegietako gazta probatzeko aukera ere izan da, eta txorizo egosiaren postuan Misio Taldeko kideak aritu dira lanean. Hortik bildutako dirua talde horren elkartasun proiektuetarako izango da.
Horrez gain, Euskal Herriko IX. Txorizo Egosi Lehiaketa izan da gaurkoan, eta 22 harakinek hartu dute parte bertan. Lehen saria Zegamako (Gipuzkoa) Oiarbide harategiarentzat izan da, bigarrena Donostiako Maialen harategiarentzat, eta hirugarrena, Orioko Kepa Loidi harategiarentzat. Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa zinegotzia, Ainhoa Maiztegi Gipuzkoako Merkatarien Federazioko kidea eta Ederto harakin taldeko Maria Luisa Odriozola izan dira sariak banatzen.
Arratsaldean ere festak jarraipena izango du. Errebalean San Martin jaiak izanik, sokamuturra izango da kale horretan.