ISBren garaipena etxean, eta porrota kanpoan

Ihintza Elustondo 2023ko aza. 12a, 16:04

Jone Azkue, saskiaren azpian. (Mikel Amenabar 'Otola')

Domusa Teknik ISBk 99 eta 80 menderatu zuen atzo, larunbata, Azulejos Moncayo Helios saskibaloi taldea. Juaristi ISBk, berriz, etxetik kanpo bigarrenez jarraian galdu zuen atzo, Melillan (Espainia).

ISBk txanponaren bi aldeak ezagutu zituen atzo, larunbata. Domusa Teknik ISBk 99 eta 80 irabazi zuen Zaragozako (Espainia) Azulejos Moncayo Helios saskibaloi taldearen kontra. Juaristi ISBk, berriz, 90 eta 71 galdu zuen atzo, Melillan (Espainia), Melilla Ciudad del Deporte taldearen aurka.

Emakumeen taldeak denboraldiko bosgarren garaipena jarraian erdietsi zuen atzo, Azpeitiko kiroldegian. Aurreko denboraldian galdutako maila berreskuratzeko bidean, maila ona ari da erakusten Mikel Lizarralde Rubiok gidatzen duen taldea. Horren adibide da atzo jokatutako lau laurdenetan hogei puntu edo gehiago saskiratu izana. Jone Azkue hegalekoa nabarmendu zen, besteak beste; 21 puntu saskiratu eta 28 puntuko balorazioa eskuratu zuen hark.

Gizonek, bestalde, etxetik kanpo jokatu zuten atzo ere, eta joan den astean bezala, galdu egin zuen Yon Gonzalezek zuzentzen duen taldeak. Lehen laurdenean egindako lan ona alferrik galdu zuen taldeak ondorengo hiru laurdenetan, bereziki bigarrenean, eta hala porrotera bideratu zen taldea. Ludgy Dominique Debaut pibot frantziarra izan zen Mellilan ISBko onena, hamasei puntu saskiratu, hamar errebote batu, eta guztira, 24 puntuko balorazioa erdietsita.

Sailkapeneko bigarren postuan da orain Domusa Teknik ISB, bost garaipenekin eta porrot batekin. Juaristi ISB, berriz, sailkapenaren erdialdean dago, gora begira, lau garaipenekin eta hiru porrotekin. Igandean, hilak 19, Juaristi ISBk Huelva Comercio Viridis taldearekin neurtuko ditu indarrak, 18:00etan, Azkoitiko Elkargunean. Aldiz, Domusa Teknik ISBk Galdakaoko (Bizkaia) Urreta kiroldegian jokatuko du Ibaizabalen aurkako derbia, larunbatean, 20:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide