Azaroaren 30ean greba feminista orokorrera deituz eskualdeko ekitaldia egingo dute igandean Zumaian

Nerea Uranga 2023ko aza. 13a, 17:25

Azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako deia. (Denon Bizitzak Erdigunean)

Urola Kostako Mugimendu Feministak Urola Kosta mailako ekitaldi bateratua antolatu du azaroaren 19rako, Zumaiako Kofradian. Azpeititik Zumaiara elkarrekin joateko bi hitzordu jarri dituzte, bat bizikletaz joateko eta bestea autoetan joateko.

Azaroaren 30erako greba feminista orokorrera deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. "Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde" egingo dute greba. "Pertsona guztiok bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea" aldarrikatuko dute hil honen azkenengo egunean.

Greba feminista orokorraren deialdiarekin lotuta, Urola Kostako Mugimendu Feministak eskualde mailako ekitaldia egingo du azaroaren 19an, igandean, Zumaian. 12:00etan hasita, ekitaldia egingo dute, eta han bildutako guztiek batera grebari babesa adierazteko argazkia aterako dute. Ondoren, Akeleia musikariaren eta beste musikari batzuen saioa izango da, eta pintxoak eta edatekoa ere jarriko dituzte.

Igandean Zumaian egingo den ekitaldira elkarrekin joateko Azpeititik bi hitzordu jarri dituzte. 10:00etan elkartuko dira Perez Arregi plazan bizikletaz joateko, eta 11:30ean, toki berean, autoz joateko.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide