Berdinketa eta garaipena, Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 13a, 17:30

Lagun Onaken hasierako hamaikakoa, Touringen zelaian. (Lagun Onak)

Gizonen taldeak ezin izan zuen golik egin eta Aurrera Ondarroak puntu bat eraman zuen Garmendipetik. Emakumeen taldeak, aldiz, hiru puntu garrantzitsu ekarri zituen Errenteriatik, Touring 2-4 mendean hartu ondoren.

Seitik lau izan da azken asteburuko puntu uzta Lagun Onak futbol klubaren talde nagusientzat, baina uzta borobiltzeko falta ziren bi puntuek ihes egin izanaren sentipenarekin.

Izan ere, Espainiako Hirugarren Mailan Lagun Onakek Aurrera Ondarroa hartu zuen atzo Garmendipen, bi punturekin sailkapenaren azken tokian zegoen taldea, baina sailkapenean bi taldeen artean dagoen alde nabarmenak ez zuen isladarik izan markagailuan. 0-0 amaitu zen neurketa eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten Iban Fagoagaren gizonek. 21 punturekin, sailkapeneko laugarren tokian jarraitzen Azpeitiko taldeak; eta datorren zapatuan (17:00), Anaitasunaren kontra jokatuko du Txerloian, denboraldiko lehen derbian.

Emankorragoa izan da azken jardunaldia Ohorezko Erregional mailako taldearentzat. Touring taldearen zelaian erraz nagusitu ziren Eguzkiñe Peñarenak (2-4), sailkapenean goitik dituztenekin tartea mantentzeko eta taldearen morala indartzeko hiru puntu garrantzitsu lortuz. Partida hasi orduko, 2. minutuan, egin zuen Elene Alonsok Lagun Onaken lehen gola. Etxekoek jokoaren ekimena hartu behar izan zuten, horrenbestez, baina Azpeitikoek ondo eutsi zieten atzean. Touringek ez zuen gol aukera garbirik egin, eta, aldiz, Lagun Onakek bigarren gola egin zuen atsedenaldiaren mugan; Nahia Etxeberria izan zen golegilea, Alonsoren pase bikaina probestuta. Bigarren zatian, etxekoei jasotako kolpeari buelta ematen utzi gabe, 0-3koa egin zuen Iratik 61. minutuan, garaipena ia guztiz ixteko. Izan ere, 81.ean egin zuten Errenteriakoek beren lehen gola, baina bost minutura 1-4koa eginez erantzun zuen Lagun Onakek; Malen Astigarragak egin zuen Peñaren taldearentzat azken gola, penalti puntutik. 93.ean, neurketaren azken minutuan, iritsi zen etxekoen bigarrena. Partida hasi aurretik Lagun Onakek baino puntu bat gehiago zuen Touringek. Zortzigarren jardunaldiaren ondoren, 11 ditu Azpeitiko taldeak eta bederatzigarrena da sailkapenean, eta Urola hartuko du Garmendipen datorren asteburuan.

Lagun Onakeko gizonak, igandeko partida hasi aurretik. (Ander Uria)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide