LGTBI+ pertsonen errealitateak ezagutzeko eta haien bizi baldintzak hobetzeko egitasmoa, martxan

Ihintza Elustondo 2023ko aza. 14a, 15:38

Egitasmoaren sustatzaileak, Emakumeen Txokoan. (Azpeitiko Udala)

Herriko LGTBI+ pertsonen errealitateak ezagutu eta ekintza plan bat osatu nahi du Azpeitiko Udalak, Eihera kooperatibaren laguntzaz. Helburua da pertsona horien bizi baldintzak hobetu ahal izateko neurri eta politika zehatzak diseinatu ahal izatea. LGTBI+ kolektiboa osatzen duten herritarren bizipenak bilduko dituzte.

Eihera kooperatibaren laguntzaz, herriko LGTBI+ pertsonen errealitateak ezagutu eta ekintza plan bat osatu nahi du Azpeitiko Udalak. Helburua da pertsona horien bizi baldintzak hobetu ahal izateko neurri eta politika zehatzak diseinatu ahal izatea.

Egitasmoak hainbat fase izango ditu. Hasteko, herriko LGTBI+ pertsonekin, eragile feministekin, elkarteekin eta norbanakoekin bilduko dira Eiherako teknikariak, kolektiboaren beharrak, aldarrikapenak eta ikuspegiak jasotzeko. Ondoren, udaleko sailekin lansaioak egingo dituzte, administrazioaren barruan dauden mugak, zailtasunak eta aukerak zein diren identifikatzeko. Azkenik, egindako ibilbidearen berri eman eta sortutako neurrien eta politiken aurkezpena egingo dute.

Egitasmoa behar bezala garatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da LGTBI+ kolektiboa osatzen duten herritarren bizipenak, iritziak eta errealitateak jasotzea. Horregatik, beren ekarpena egitera animatu nahi ditu udalak herritarrak. Parte ahal izateko, nahikoa izango da ehiera@eihera.eus helbidera mezu bat idaztea, edo 623 30 71 59 telefono zenbakira deitzea. Ekarpenak guztiz anonimoak izango dira.

Herritar guztien askatasuna jomuga

Egitasmoaren bitartez, alde batetik, "LGTBI+ pertsonen eta kolektiboen bizi baldintzak hobetzeko ekintzak" diseinatu nahi ditu udalak, baina, horrez gain, beste helburu batzuk ere baditu erakundeak: "Herrian sentsibilizazioa eta lanketa egitea, berdintasun politiketan LGTBI+ gaia zeharkakotasunez lantzea, herriko LGTBI+ norbanakoei ahotsa, baliabideak eta interlokuzioa ematea eta bermatzea; eta udalarentzat egingarriak diren neurriak eskuragarri izan eta abian jartzea".

Azpeitiko Udalak "herritar guztien askatasuna eta eskubide berdintasuna" bermatu nahi ditu, eta, horretarako, "inolako diskriminaziorik eta zapalketarik gabeko jendartea eraikitzeko lan egiten jarraitu behar" duela nabarmendu du erakundeak. "Alde horretatik, funtsezkoa da sexu identitateari, desiren orientazioari eta genero rolei buruzko aurreiritziak eta estereotipoak zokoratzea eta ezabatzea, egiazko berdintasuna lortzeko urrats sendoak emanez", erantsi du udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide