Zabaltzear da Domusa Teknik 40MLK lasterketarako izen-ematea

Intza Trula 2023ko aza. 15a, 12:23

Domusa Teknik 40MLK lasterketaren bigarren edizioa irabazi zuen Borja Zubizarretak. (Ihintza Elustondo)

2024ko maiatzaren 4an korrituko dute aurtengo Domusa Teknik 40MLK lasterketa. Hirugarren edizioa izango da, eta parte hartzeko asmoa duten korrikalariek izena emateko aukera izango dute bihar, 18:00etatik aurrera.

Bihar 18:00etan zabalduko da Domusa Teknik 40MLK mendi lasterketan izena emateko epea  Kronoak.com webgunean. Antolatzaileek jakinarazi zuten moduan 2024ko maiatzaren 4an izango da aurten lasterketa eta bi ibilbide ezberdin izango ditu; 65 kilometrokoa eta 26 kilometrokoa.

Aipatu zuten, bestalde, lasterketa nagusirako 550 dortsal egongo direla eskuragarri; laburrerako, aldiz, 250. Izena ematen duten lehenengo 550ek eta 250ek email bat jasoko dute eta 72 orduren barruan ordainketa egin beharko dute; gainontzekoak itxaron zerrendan geratuko dira. Ordainketa egiten ez bada itxaron zerrendaren hurrenkeran joango dira emilak bidaltzen. "Data eta ordua" gordetzeko esan dute antolatzaileek, aurreko urtean dortsalak bi orduren baitan agortu baitziren.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide