'Vidas pasadas' eta 'Boo Kwuai eta museoaren lapurreta' filmak emango dituzte Soreasun

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 16a, 08:52

'Vidas pasadas' filmaren fotograma bat.

Animaziozko filma igande arratsaldeko umeentzako emanaldian ikusi ahal izango da, 16:30ean. Vidas pasadas, berriz, igandean 19:00etan eta astelehenean 21:00etan botako dute. Hiru emanaldietarako sarrerak salgai daude Kulturazen webgunean.

Igandean eta astelehenean zinemaz gozatzeko aukera izango da berriro Soreasu antzokian. Bi film emango dituzte datozen egunetan han: Celine Song-ek zuzendutako Vidas pasadas (AEB, 2023) drama, eta Boo Kwuai eta museoaren lapurreta (Txina, 2023), Wang Yunfeik zuzendutako animaziozko lana, euskaraz. Hiru emanaldietarako sarrerak salgai daude Kulturaz.eus webgunean.

Ohi bezala, animaziozko filma igande arratsaldean emango dute, bereziki umeei zuzendutako saioan, 16:30ean. Hau da Boo Kwuai eta museoaren lapurreta filmaren sinopsia: "Boo Kwai mutiko bihurria unibertso paralelo batera heldu da ustekabean bere asmakizunetako bati esker. Gizon misteriotsu batek mundu berri horretatik ihes egin eta hiriko museoan dagoen Antzinako Shuko Urrezko Makila preziatua lapurtu du. Book eta bere lagunek abentura eroa biziko dute erlikia berreskuratzeko. Lortuko dute Urrezko Makila aurkitzeko trabak gainditzea etxera bueltatu ahal izateko?".

Vidas pasadas, berriz, igandean (19:00) eta astelehenean (21:00) emango dute Soreasun. Celine Song antzerki idazle eta gidoilariaren lehen filma Berlingo edota Sundanceko jaialdietan ikusteko aukera izan da, besteak beste. Honela dio filmaren sinopsiak: "Nora eta Hae Sung, lotura handia zuten haurtzaroko bi lagun, banandu egin ziren Noraren familiak Hego Koreatik Kanadara emigratu zuenean. Handik urte askotara, Nora New Yorken antzerkia ikasten ari denean, biek topo egingo dute sarean, eta aste bat igaroko dute elkarrekin, maitasunaren, patuaren eta bizitza bat osatzen duten hautuen aurrean".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide