'(H)ondoko gela' eta 'Arrainak bihotzean' obrak, 41. Euskal Antzerki Topaketen barruan

Nerea Uranga 2023ko aza. 16a, 16:56

'Arrainak bihotzean' obra. (Mar Mar teatroa)

Azpeitiko 41. Euskal Antzerki Topaketen barruan, Les Bobe Bobe elkartearen (H)ondoko gela obra izango da gaur, 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Zapatuan, berriz, Mar Mar teatroak Arrainak bihotzean lana aurkeztuko du, 17:00etan, Soreasu antzokian.

Azkenetara iristen ari dira Azpeitiko 41. Euskal Antzerki Topaketak, baina bukatu aurretik antzerkiaz gozatzeko aukerarik izango da Dinamoa sormen gunean nahiz Soreasu antzokian.

Aurtengo topaketak azaroaren 23an bukatuko dira Badon* ikuskizunaren estreinaldi aurrekoarekin eta topaketetako sari banaketarekin. Aurretik, ordea, gaur eta zapatuan, bi antzezlan ikusteko aukera izango da euskal antzerkiaren topaketetan.

Bi detektibe, eta ezohiko hildako bat. Hori izango da gaur, osteguna, 19:00etan, Dinamoa sormen gunean, Les Bobe Bobe elkarteak aurkeztuko duen (H)ondoko gela obraren sinopsiak azaltzen duena: "Komedia beltz-mex eta zentzugabea da, Les Bobe Bobe elkartearen estilokoa". Jason Guerra da obraren zuzendaria, eta Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal dira aktoreak.

Zapatuan, berriz, Mar Mar teatroaren Arrainak bihotzean antzezlana ikusteko aukera izango da, 17:00etan, Soreasu antzokian. Familiei zuzendutako obra da. Getari Etxegarai da antzezlanaren zuzendaria, txotxongiloak eta atrezzoa Javi Tiradorenak dira, eta aktore lanak Irene Hernandok, Aritza Rodriguezek eta Maitane Serranok egingo dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide