Bailarako turismoaz hitz egiteko bilera egin dute Iraurgi Berritzenek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 17a, 09:10

Intsausti jauregiko bileraren une bat. (Azkoitiko Udala)

Azahara Dominguez diputatua Azpeitian eta Azkoitian izan zen atzo. Bi herrietako alkateekin eta eskualdeko garapen agentziaren arduradunekin elkartu zen, turismoaren arloan bi herrietan egiten den lana ezagutzeko.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoaren inguruko gaiak jorratzeko bilera egin zuten atzo. Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua eskualdez eskualde ari da antzeko bilerak egiten, turismoarekin lotuta tokian-tokian garatzen ari diren proiektuak eta egiten ari diren lana ezagutzeko helburuarekin, eta Urola Erdiaren txanda izan zen atzokoa.

Azkoitiko Intsausti jauregian elkartu zen Dominguez Ana Azkoitia eta Nagore Alkorta Azkoitiko eta Azpeitiko alkateekin, Begoña Beobide Iraurgi Berritzenen zuzendariarekin eta agentzian zein udaletan turismo kontuetan aritzen diren beste hainbat lagunekin. Loiolan ere izan zen diputatua, eta Santutegia zein han kokatzen den bailarako turismo bulegoa bisitatu zituen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide