Joanes Antxietaren bosgarren mendeurreneko kontzertua egingo dute bihar Frantziskanetan

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 17a, 16:23

Azketa ahots taldea (argazkian, bere 10. urteurreneko kontzertuan, Sanagustinen) da bihar Frantziskanetan ariko den koruetako bat. (Nerea Uranga)

Bost koruk parte hartuko dute emanaldian: Vandaliak, Bilboko Koral Elkarteko Euskeriak, eta Azpeitiko Julian Barrenetxeak, Azketak eta Parrokiko abesbatzak. Antxieta beraren, Peñalosaren eta Urrederen konposizioak kantatuko dituzte.

Joanes Antxieta musikariaren heriotzaren bosgarren mendeurrena dela-eta antolatutako ekitaldi sortaren beste ale batez gozatzeko aukera izango da bihar, zapatua, Frantziskanetako elizan. Hain zuzen ere, egitarauaren barruan bosgarren mendeurreneko kontzertu gisa izendatu dutenaren txanda izango da.

19:00etan hasiko da kontzertua eta bost koruren ahotsak entzuteko aukera izango da Frantziskanetan: Vandalia, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria, eta Azpeitiko Julian Barrenetxea, Azketa eta Parrokiko abesbatza. Urko Sangroniz zuzendariaren aginduetara, Antxieta beraren konposizioak ez ezik, Urrestillan sortutako musikariaren garai beretsuko Francisco Peñalosaren eta Juan Urrederen sorkuntzak ere eskainiko dituzte kantoreek Frantziskanetan.

Antxietaren mendeurreneko ospakizunen barruko azkenaurreko kontzertua izango da biharkoa. Abenduaren 16an izango da azkena; Azpeitiko parrokian, Antxietak sortutako Sine Nomine meza entzungai izango da orduan, Antxieta ahots taldeak abestuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide