Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketako dortsal guztiak agortu dira

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 17a, 17:21

Aurtengo Domusa Teknik 40 MLK lasterketan hartutako irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Atzo 18:00etan ireki zuten datorren edizioan egingo dituzten bi probetarako izen ematea, eta hamar minututan banatu zituzten antolatzaileek prestatutako 800 dortsalak. San Silbestre lasterketarako izen ematea ere martxa onean doa: bi egunetan, 300 lagunek eman dute izena lasterketa nagusirako.

Iaz bi ordutan, eta aurten hamar minututan, akabo. Atzo 18:00etan ireki zuten 2024ko Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketarako izen ematea, eta berehala enplegatu zituzten antolatzaileek prestatuta zituzten 800 dortsalak, 550 65 kilometroko probarako eta 250 26 kilometrokorako. Datorren urteko maiatzaren 4an egingo dute lasterketaren hirugarren edizioa, eta proba laburraren lehen aldia izango da.

Antolatzaileek aurrez jakinarazia zutenez, atzo izena eman zuten lehenengo 550ek eta 250ek mezu elektronikoa jaso dute, eta 72 orduren barruan ordainketa egin beharko dute, dortsala ziurtatzeko. Gainontzekoak itxaron zerrendan geratuko dira, eta 800en barruan daudenek ordainketa epe barruan egiten ez badute, itxaron zerrendaren hurrenkeran joango dira mezu elektroniko berriak bidaltzen.

Sansilbestrea ere martxa onean

Mendi lasterketarena baino egun bat lehenago, asteazkenean, ireki zuten datorren abenduaren 31ko San Silbestre lasterketarako izen ematea, eta deialdi horri ere harrera ona egin diote.

Xeye atletismo taldeko antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez, lehen bi egunetan 300 korrikalarik eman dute izena sei kilometroko lasterketa nagusirako kirolprobak.com webgunean, eta horietatik erdia baino gehiago emakumeak dira, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide