Sanagustin kantuan jartzera datoz Ainhoa Ansa eta Jagoba Astiazaran

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 18a, 10:03

Jagoba Astiazaran, artxiboko irudian. Bihar Sanagustinen izango da zestoarra, Ainhoa Ansarekin batera. (Josu Torrealdai)

Kantuz daramat bizia kantaldia gidatuko dute bihar arratsaldean Ansak eta Astiazarenek kulturgunean. Juan Antxieta musika eskolak bere 40. urteurreneko ospakizunak borobiltzeko euskal kantagintzaren transmisioa ardatz hartuta antolatu dituzten bi agerraldietako lehendabizikoa izango da.

Euskal kantagintzaren transmisioa bultzatzeko helburuz prestatu dituen bi emanaldirekin agurtuko du Juan Antxieta musika eskolak 40 urteurreneko urtea, eta horietako lehena, abenduaren 3ko jaialdi handiaren aurrekoa, bihar izango da.

18:30etik aurrera, igande arratsaldean Sanagustin kulturgunea kantuan jartzeko asmoz, Kantuz daramat bizia kantaldia gidatuko dute Ainhoa Ansa eta Jagoba Astiazaran musikari eta abeslariek. Piano bat bertsotan ikuskizunean elkarrekin aritutakoak dira Ansa nafarra eta Astiazaran zestoarra; orain, berriro elkar hartuta, euskal kantagintzan oinarritutako proposamenarekin datoz. "Beraien amonak abesten entzun daitezkeen grabazioak dauzkate, eta ardatz hori hartuta eta beraientzat esanguratsuak izan diren euskal kantak oinarri, euskal musikaren bilakaeraren ibilbide bat planteatuko dute, kantaldi bat, gerturatzen dena kantuan jartzeko eta euskal musikaren transmisio eta kate horretaz hitz egiteko", azaldu zuen Felipe Murillok Kantuz daramat bizia kantaldian Ansak eta Astiazaranek eskainiko dutena.

Sarrera doan izango da bihar Sanagustinen. Abenduaren 3ko Kantatzen duen herri bat kontzerturako sarrerak, berriz, Kulturaz.eus atarian daude salgai, zortzi eurotan helduenak eta bost eurotan 12 urte arteko umeenak. Eñaut Elorrieta, Maixa Lizarribar, Imuntzo eta Beloki, Deñe Garcia-Bravo eta Ines Osinaga Soreasuko oholtzara igiko dira abenduaren 3koan, musika eskolako ikasleekin eta irakasleekin batera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide