Golik gabeko derbia jokatu dute Anaitasunak eta Lagun Onakek

Ane Olaizola 2023ko aza. 18a, 17:47

Anaitasuna eta Lagun Onaken derbiaren une bat, gaur. (Ane Olaizola)

Anaitasunak eta Lagun Onakek derbia jokatu dute gaur arratsaldean, Txerloian, eta aukerak izanagatik, ez batak eta ez besteak ez du lortu golik sartzerik. Ohorezko Erregional mailan, berriz, Lagun Onak 2-1 nagusitu zaio Urolari. 

Azkoitiko eta Azpeitiko futbolzaleek ez dute hutsik egin denboraldiko Anaitasunaren eta Lagun Onaken arteko lehen neurketan, Azkoitiko Txerloia futbol zelaia jendez bete baita bata zein bestea animatzeko. Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko 11. jardunaldia jokatu dute Azkoitiko eta Azpeitiko gizonen taldeek, eta han bildutakoek minutuko isilunearekin hasi dute derbia, aste honetan hil den Jose Mari Zinkunegi Lagun Onakeko presidente ohiaren omenez.

Zelaian giro bero egon da hasieratik, eta alde biek izan dituzte golak sartzeko aukerak lehen zein bigarren zatian. Dena den, inork ez du lortu aurkariaren zutoina zulatzerik, eta arbitroak hiru minutuko luzapena agindu badu ere, azkenean hutsean geratu da markagailua. Gauzak horrela, sailkapeneko laugarren postuan jarraitzen du Lagun Onakek, eta bederatzigarrenean, Anaitasunak. 

Emakumeek, hiru puntu

Ohorezko Erregional mailako 9. jardunaldia gaur jokatu du Lagun Onak ere. Etxean hartu du Urola taldea, eta Azpeitiko taldea 2-1 nagusitu zaio Urretxukoari. Emaitza ona lortu du Lagun Onakek aurrenekoz belar naturalean jokatu duten partidan: Azpeitiko taldeak izan du baloiaren jabetza hasieratik, eta lehenengo gola sartu aurretik ere beste hainbat aukera izan ditu horretarako. Lehenengo zatian, Urolak bere atean sartu du gola, eta markagailua 1-0 zela joan dira atsedenaldira. Bigarren zatian, Urretxuko taldearen gola izan da, jokaldi berezi baten ondoren: izan ere, baloiak eskuan jo dio hango jokalari bati, eta Lagun Onakekoak "geldi" geratu dira arbitroaren erreakzioaren zain. Ordea, hark ez du hutsa ebatzi eta aukera aprobetxatuz gola sartu du Urolak. Segisdan, Leire Alustizaren eta Joane Kortaren golak iritsi dira, 49. eta 58. minutuetan. Haiei esker hiru puntuak eskuratuta, sailkapeneko erdiko postuetan jarraitzen du taldeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide