Zapatuan jokatu zuen LF2 ligako Iraurgi SBko emakumeen talde nagusiak Galdakaoren kontra. Egurra emanez hasi zen Joseba Lizarraldek gidatzen duen taldea, eta lehen laurdenean, 5 eta 22 egin zuten. Bigarren laurdenean, ordea, beste era batera izan ziren kontuak, eta Galdakaok puntu gehiago lortu zituen, 25 eta 18 eginda. Hala ere, atsedenera hamar puntuko abantailarekin iritsi zen Domusa Teknik ISB.
Hirugarren laurdenean puntu kopuru bera lortu zuten bi taldeek, bederatzina, eta laugarren zatian hiru puntu gehiago eskuratu zituen ISBren emakumeen taldeak, 16 eta 19. Hala, Galdakaoren kontrako partida 55 eta 68 bukatu zen.
Multzoko sailkapeneko bigarren postuan dago Domusa ISB, Ausarta Barakaldoren atzetik. Hurrengo jardunaldia Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Unigironaren kontra, azaroaren 25ean, 18:00etan.
Zilarrezko LEB ligako Juaristi ISBk atzo Huelvaren kontra jokatu zuen, Azkoitiko Zubiaurre kiroldegian, eta garaipena eskuratu zuen, 79 eta 72 eginda. Lehen laurdenean, ISBk bost puntuko (25-20) aldea atera zion aurkariari. Bigarrenean, ordea, Huelvakoek puntu gehiago lortu zituzten (17-23), eta markagailuari buelta emanda, puntu bateko abantailarekin iritsi ziren atsedenera, 42 eta 43.
Hirugarren laurdenean, Juaristikoek bederatzi puntuko abantaila atera zioten aurkariari (19-10), baina laugarren eta azken zatian Huelvakoak tanto bat gehiago eskuratu zituzten (18-19). Dena den, markagailua Juaristi ISBren alde gelditu zen, 79 eta 72.
Datorren zapatuan etxetik kanpo jokatuko du Iraurgiko gizonen talde nagusiak: Juaristi ISBk Almansaren kontra du partida, 18:00etan, Albaceten.