Ekoetxea Azpeitiak bat egingo du azaroaren 26ean, igandean, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin, Ez zaitez biltzen utzi esperientziaren bidez. Egitasmoaren helburua da hondakinak nola murriztu eta modu jasangarriagoan nola erabili pentsatzea. Horretarako hainbat ekintza eta jarduera egingo dituzte, "objektuei bigarren bizitza emanez". Parte hartzen duten familia guztiek sari bat eskuratu ahal izango dute. Egitasmo horretan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, honako lotura honetan. Jarduera 10:00etan hasiko da, eta 12:45ean amaitu.
"Hondakinen arrastoa murriztean" jarri du arreta Ekoetxeak. "Aurten, Hondakinen Prebentziorako Europako Asteak ontziak ditu ardatz, horiek murriztu beharraz kontzientziatzeko. Pentsatu al duzu inoiz zenbat hondakin sortzen ditugun etxean eta zenbat ontzi, pakete eta bilgarri erabiltzen ditugun? Gure esku dago, kontsumitzaile garen aldetik, gure hondakinen arrastoa murriztea aukeratu eta erabaki ahal izatea". Hausnarketa hori eginda, gogoetaren inguruko ideiak gizarteratzeko ekintzak antolatu dituzte aurten ere. Horien artean igandeko "esperientzia".
Ekoetxeak jakinarazi duenez, "Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera, EAEn batez beste 485 kilo hiri hondakin sortzen ditu biztanle bakoitzak, eta horietatik 50 kilo baino gehiago ontziak dira".