Jaso dute Korta saria Julian Lazkano eta Tomas Letamendia Bieleren sortzaileek

Nerea Uranga 2023ko aza. 22a, 09:37

Julian Lazkano, Tomas Letamendia eta Arantxa Tapia, atzo Korta sarietan. (Eusko Jaurlaritza)

Banatu dituzte 2023ko Joxe Mari Korta sariak, eta Biele enpresaren sortzaileek jaso dute sarietako bat Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eskutik.

Atzo arratsaldean banatu zituzten Joxe Mari Korta sariak Euskadiko Parke Teknologikoko Donostiako Campusean. Ekitaldiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeen eta enpresen esparruko 200 ordezkari baino gehiago elkartu zituen. Bost sarituetatik bi azpeitiarrak izan ziren; Adegik proposatuta, Julian Lazkano eta Tomas Letamendia Biele enpresaren sortzaileek jaso zuten saria Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eskutik.

Saritu guztiek ekarri zuten gogora Joxe Mari Korta, ETAk 2000ko abuztuan hil zuen Adegiko presidente zumaiarra. Lazkanok eta Letamendiak saria jasotzerakoan azaldu zuten, Korta "gizon apala, langile nekaezina eta kirolaria" zela, eta "asko lagundu" ziola herriari. Sariarekin "hunkituta eta oso pozik" azaldu ziren biak: "Biok oso harro gaude, beti apaltasunetik".

Atzo Korta saria jaso zuten besteak honakoak izan ziren: Juan Luis Cañas, SEA-Arabako Enpresariak elkarteak proposatuta; Ana Beobide, Cebe-k Bizkaiako enpresarien elkarteak aurkeztuta; eta Virginia Oregi Korta Bidetik Fundazioak proposatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide