'Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain' liburua aurkeztuko du bihar Josebe Blancok

Intza Trula 2023ko aza. 22a, 11:14

Josebe Blanco. (Dani Blanco)

Artzainak bere lehen liburua argitaratu du Argiarekin, Bizi Baratzea sailaren barruan. Eguneroko bat da, eta Antzuolako Pikunieta baserriko artzainak bere bizipenak eta hausnarketak bildu ditu bertan.

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua aurkeztuko du bihar Josebe Blancok Azoka Plazan, 18:00etan. Antzuolako Pikunieta baserrian bizi den artzain euskaldun-galegoa da Blanco, eta bere bizipenak eta hausnarketak jaso ditu eguneroko honetan. Argiarekin argitaratu du liburua, Bizi Baratzea sailaren barruan.

Hainbat gai lantzen ditu liburuan zehar; hala nola artzain ofizioari dagozkion eguneroko lanak eta pasarteak, mendian bizi den herritarrak bizi dituenak, baita emakume gisa, galego-euskaldun gisa, bizi dituenak ere, guztiak lehen pertsonan. Horrez gain, elikaduraren inguruko hausnarketak ere partekatzen ditu; izan ere, haragirik ez jateko hautua egin zuen gaztetan eta gaiarekin sortu zaizkion kontraesanez, animaliekiko harremana ulertzeko duen moduaz, bizitzaz eta heriotzaz eta kontzientzia ekologistatik gaurko bizimoduaz duen ikuspegiaz hitz egiten du.

Liburuak tarteka poesiak ere baditu, euskaraz eta galegoz, baita artzainaren hiztegi txiki bat ere, herritar guztiek euskal kulturaren parte diren hitzak eta jakinduriak eskuratu ditzaten. Horrez aparte, artzainaren urte osoko lanen taula eta mapa bat ere badauzka.

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua lekukotasun bat da: "Larrialdi klimatikoaren erdian, mendian eta natura zainduz bizimodua aurrera ateratzeko ahaleginean ari den artzain baten lekukotasuna". Liburuan agertzen diren bizipenek "irakurleak egungo gizarteaz eta bizitzaz hausnartzea" du helburu.

Eider Uribarrenak egin ditu ilustrazioak; Dani Blancok argazkiak, eta Maitane Gartziandiak diseinuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide