Azaroaren 27an irekiko dute bigarren hiruhileko haurren igeriketa ikastaroetarako izen ematea

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 22a, 11:13

Haurrak igeriketa ikastaro batean, artxiboko irudian. (Azpeitiko Udala)

Urtarrilaren 8tik martxoaren 22ra bitartean emango dituzte ikastaroak, eta lehen hiruhilekoetan parte hartu dutenek lehentasuna izango dute, jarraitzea erabakiz gero. Abenduaren 1era arte eman ahalko da izena ikastaroen txanda berrirako.

Datorren astelehenean, azaroaren 27an, irekiko dute ikasturteko bigarren hiruhileko haurren igeriketa ikastaroetan izena emateko epea. Abenduaren 1era arte eman ahalko da izena ikastaroen txanda berrirako, Udal Igerilekuan. Urtarrilaren 8an hasi eta martxoaren 22an bukatuko dira bigarren hiruhileko ikastaroak.

Taldeak adinaren eta mailaren arabera osatuko dituzte, eta lehen hiruhilekoko ikastaroetako balorazio fitxak kontuan hartuko dituzte. Izan ere, lehen hiruhileko ikastaroetan parte hartu duten umeek lehentasuna izango dute bigarren hiruhileko izen ematean. Igerilekuko harreran adierazi beharko dute lehen hiruhilekoan ikastaroetan ibili diren haurren arduradunek bigarren hiruhileko txandan jarraitu nahi duten ala ez. Jarraitu nahi ez dutenek, baja orria bete beharko dute. Gainontzekoek, lehen txandako saioetan ibili direnek zein ibili ez direnek, izen emate orriak harreran jaso eta beteta itzuli beharko dituzte. Geratzen diren plazak zozketa bidez esleituko dituzte, izen emateak dauden plazak baino gehiago diren kasuetan.

Informazio gehiago edo zalantzak argitu nahi dituztenek ere igerilekuko harrerara jo dezakete, edo hango 943-81 41 21 telefono zenbakira deitu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide