Egiguren V.a eta Alberdi II.a Binakako Serie B Txapelketan lehiatuko dira

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 23a, 10:39

Binakako Serie B Txapelketan lehiatuko diren pilotariak atzo, aurkezpenean. (Baiko)

Morgaetxebarriarekin osatuko du bikotea Alberdik, eta Eskuza izango da Egigurenen atzelaria. Atzo aurkeztu zuten txapelketa, eta atzo bertan jakinarazi zuen Baikok Unai Alberdik beste bi urterako luzatu duela enpresarekin duen kontratua.

Binakako Txapelketa Nagusiarekin batera, atzo aurkeztu zuten Bilboko Bizkaia frontoian orain arte Promozio Mailako izan den eta aurrerantzean Serie B izena hartuko duen txapelketa ere. Baiko eta Aspe enpresek launa bikote aurkeztu dituzte bigarren mailako txapelketa horretara, eta Julen Egiguren (Aspe) eta Unai Alberdi (Baiko) azpeitiarrak daude lehian ariko diren hamasei pilotarien artean.

Eskuza izango da Egiguren V.aren bikotekidea, eta Morgaetxeberria atzeko koadroetan duela jokatuko du Alberdi II.a Binakako Serie B Txapelketa. Asteburu honetan hasiko da txapelketa, eta etxetik gertu jokatuko dituzte bi azpeitiarrek lehen jardunaldiko partidak: bihar, Azkoitiko Gurea pilotalekuan (22:15), De la Fuente-Bikuña bikotearekin neurtuko dituzte indarrak Egigurenek eta Eskuzak; zapatuan, Aizarnazabalen (17:15), Agirre-Iztueta bikotea izango dute aurrean Alberdik eta Morgaetxebarriak.

Alberdik kontratua luzatu

Hain zuzen ere, zapatuan Aizarnazabalen estreinatuko du Alberdi II.ak kontratu luzapena. Beste bi urterako luzatu du aurrelari azpeitiarrak Baikorekin duen harremana, Bilboko enpresak atzo bertan jakinarazi zuenez.

2022ko urtarrilaren 21ean Izarraitzen debutatu zuen Alberdi anaietan gazteenak, eta horrenbestez, betetzear zen hasieran sinatutako bi urterako kontratua beste bi urterako luzatu du.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide