Abenduaren 2an egingo dute Domusa Teknik 40 MLKren bigarren entrenamendu saioa

Intza Trula 2023ko aza. 24a, 09:30

Domusa Teknik 40MLK lasterketa prestatzeko lehen entrenamendu saioa. (

Emakumeei zuzendutako entrenamendua egingo dute abenduaren 2an; 07:30ean aterako dira Azpeitiko plazatik eta Ainara Urrutia atxabaltarrak gidatuko du ibilbidea. Azaroaren 29a baino lehen eman beharko da izena parte hartzeko. 

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa prestatzeko emakumeei zuzendutako bigarren entrenamendu saioa izango da abenduaren 2an. Ainara Urrutia atxabaltarra ere bertan izango da, eta elkarrekin Azpeititik hasi eta Errezilerainoko ibilbidea egingo dute; 15,5 kilometro guztira. 

Behin entrenamendua amaituta San Martin Herri Eskolan dutxatzeko aukera izango dute lasterkariek eta amaitzeko solasaldia eta hamaiketakoa egingo dituzte Borondegi tabernan. Antolatzaileek azaldu dute hamaiketakoaren aurretik itzuli nahi dutenek izena ematerakoan adierazi beharko dutela.

Lehen entrenamendua azaroaren 4an egin zuten, eta "arrakastatsua" izan zen, antolatzaileen esanetan. Hori horrela, azaroaren 29ra bitarte izango dute interesdunek entrenamenduan izena emateko aukera honako lotura honetan.  Antolatzaileek gogorarazi dute parte hartzeko gizon batek gutxienez emakume batek lagunduta joan beharra daukala, entrenamendu saio hauen helburuetako bat mendi lasterketetan emakumeen parte hartzea sustatzea baita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide