'Hondamendia' obrak jaso du 41. Euskal Antzerki Topaketen Ikusleen Saria

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 24a, 11:42

Sari banaketa ekitaldiko irudia. (Maialen Etxaniz)

Atzo arratsaldean bukatu ziren 41. Euskal Antzerki Topaketak, Badon* obraren aurrestreinaldiarekin. Emanaldiaren aurretik banatu zuten Ikusleen Saria. Axut eta ArteDramaren Hondamendia izan da boto gehien jaso duena. 

Itxi da 41. Euskal Antzerki Topaketen teloia. Atzo, ostegunez, amaitu zen topaketen 41. aldia, Ikusleen Sariaren banaketarekin eta Badon* obraren aurrestreinaldiarekin. Aurten, Axut eta ArteDrama konpainien Hondamendia lana izan da ikusleen boto gehien jaso dituena, eta hark eraman du 600 euroko saria.

Atzoko ekitaldian izan ziren konpainietako kideak, eta haiek eskerrak eman zizkien antzerkizaleei eta ikusleei, eta euskararen garrantzia azpimarratu zuten. Era berean, adierazi zuten obretan "galderak egiten" saiatzen direla, eta Azpeitian "erantzun bikaina" jaso zutela. Aitor Larrañaga zinegotziak eman zien saria, eta hark ere topaketen garrantzia nabarmendu zuen. Era berean, eskerrak eman zizkien hilabete osoan zehar obrak ikustera joan diren herritarrei, antzezlanak eskaini dituzten antzerki konpainiei, Eskola Antzerkia posible egin dutenei eta Kulturaz kooperatibari.

Saria banatuta, Korrika kulturalari lotutako Badon* obra taularatu zuten Xanti Agirrezabalak, Ines Osinagak, Marina Suarezek, Ainara Gurrutxagak eta Oihana Vesgak. Aurrestreinaldiaren kronika, laster Uztarria.eus-en.

Axut eta ArteDramakoak atzoko sari banaketan. (Kulturaz kooperatiba)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide