Txema Forondak eta Pilar Rodasek irabazi dute Azpeitiko II. Udazkeneko Klasika

Nerea Uranga 2023ko aza. 27a, 09:54

62 pilotuk parte hartu dute auto klasikoen proban. Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat errepidetan jokatu da, Lagun Artea eskuderiak antolatuta.

Zapatuan jokatu zen Azpeitiko II. Udazkeneko Klasika, Lagun Artea eskuderiak antolatuta. 62 autok parte hartu zuten proban. 11:00etan hasi zuten proba epaitegiaren aurreko plazatik eta bertan bukatu zuten arratsaldean, goizez eta arratsaldez Gipuzkoako zein Bizkaiko hainbat errepidetatik ibili ziren.

Txema Foronda eta Pilar Rodas (BMW 325ix, 1988. urtekoa) izan ziren klasikaren irabazleak. Antolatzaileen arabera, Bizkaiko bikoteak "proba ia perfektua" egin zuen, eta probaren ibilbidea osatzen zuten zazpi zatietatik bost irabazi zituen. Gainerako bi ibilbide zatietan hirugarren eta bigarren geratu ziren. Alberto Martinez de Lizarrondo eta Joseba Rodriguez sailkatu ziren bigarren, irabazleengandik 15.9 puntura geldituta; "euskal rallyetan historia handiko R-5 GT-Turbo ederrarekin" egin zuten bigarren postua. Klasika osoan, Forondarengandik eta Rodasengandik oso gertu ibili zen Gipuzkoako bikotea. Hirugarren postuan sailkatu ziren Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta (BMW 325i, 1985. urtekoa), azken zatian podiumean leku bat eskuratuta.

Mailen arabera honakoak izan ziren klasikako sailkapenak: 70-aurrekoetan, Xabier Goenaga eta Felix Berasaluze izan ziren irabazleak 1969ko Renault 8arekin; 80-aurrenekoetan, Josu Araneta eta Yon Iturri izan ziren irabazleak, 1972ko Porsche 911rekin; 90-aurrekoetan, David Carrerok eta Jose Ramon Portak irabazi zuten 1984ko Renault 5 Turbo Koparekin; Legend taldean, Jose Luis Cuestak eta Alberto Madejonek osatutako taldea izan zen irabazlea, 1994ko Seat Ibiza GTIarekin. Zero gehien egin zituen taldea Joxe eta Xuban Labaka aita-semeena izan zen.

(Argazkiak: Jorge del Cid/Lagun Artea eskuderia)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide