Zapatu arratsaldean jokatu zituzten azken jardunaldiak Iraurgi saskibaloi klubeko bi talde nagusiek. LF2ko Domusa Teknik ISBk Azpeitiko kiroldegian izan zuen partida, 18:00etan hasita, Tordera Unigironaren kontra. Ligako zortzigarren jardunaldia ere irabazi egin zuen Joseba Lizarraldek gidatutako taldeak; orain artean, partida bakar bat galdu dute ISBko emakumeek. Lehen laurdenetik hasi ziren abantailarekin Domusa Teknikekoak, 24 eta 11. Atsedenera tarte hori galdu gabe iritsi ziren (43-20), eta partidaren azken bi laurdenetan ere aurkariak baino hobeak izan ziren, nahiz eta lehen zatiko abantaila apur bat gutxitu. 77 eta 49 eginda, ligako beren multzoko sailkapeneko bigarren postuari heldu dio Domusa Teknik ISBk.
Datorren asteburuan Balearretan jokatuko du Domusa Teknik ISBk Andratxen kontra; igandean du partida, 12:30ean hasita.
Zilarrezko LEB Ligako Juaristi ISBk ere garaipena lortu zuen asteburuan. Espainian jokatu zuen zapatu arratsaldean, 19:00etan hasita, Albaceteko Almansaren kontra. Abantailarekin hasi ziren Iraurgiko mutilak, lehen laurdenean 21 eta 30 eginda, eta atsedenera 11 punturen aldearekin iritsi ziren (37-48). Hirugarren (27-28) eta laugarren (13-12) laurdenetan, ordea, puntu aldetik pareko ibili ziren eta aurretik lortutako abantaila murrizten joan ziren. Hala ere, markagailua alde (77-88) zutela bukatu zuten Almansaren kontrako partida.
Hamargarren jardunaldia datorren igandean, abenduaren 3an, Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute Moron-en kontra. 18:00etan hasiko da.