Emaitzei dagokienez borobila izan da asteburua Lagun Onak futbol klubaren talde nagusientzat, biak izan baitira garaile.
Espainiako Hirugarren Mailan, aurreko hiru jardunaldietan porrot bat eta bi berdinketa izan ondoren, hiru puntuak poltsikoratu zituen Lagun Onakek Derioren kontrako neurketan (2-0). Zapatuan, Garmendipen, zati bakoitzaren azken minutuetan egin zituen golak Iban Fagoagaren taldeak: 41. minutuan egin zuen neurketako lehen gola Gorka Amutxastegik, eta Iñigo Ariztimuñok sareratu zuen 2-0ekoa, 86. minutuan. Hamabigarren jardunaldia eta gero, goiko aldean jarraitzen du Lagun Onakek, laugarren postuan, bere 25 puntuekin. Hain zuzen ere, puntu bat gehiagorekin sailkapenean bere aurretik dagoen Portugaleteren zelaian jokatuko du Azpeitiko taldeak datorren igandean.
Ohorezko Erregional Mailan, berriz, erreskadan hirugarren garaipena eskuratu dute Lagun Onakeko emakumeek. Atzo arratsaldean, 0-1 irabazi zion Eguzkiñe Peñak zuzentzen duen taldeak Beti Gazteri Lesakan (Nafarroa), eta merezimenduak aurrez egin arren, partidaren azken jokaldira arte ez zuen lortu Lagun Onakek garaipenaren gola; Joane Kortak egin zuen neurketako gol bakarra 93. minutuan, Malen Astigarragak faltatik jaurti eta Maria Sorazuk buruz orraztutako baloia ate barrura bidaliz. Atzoko puntuekin, sailkapenean seigarren tokiraino igo da Lagun Onak; datorren jardunaldian Oiartzun hartuko du Garmendipen.