Urko Egaña bertsolariak Eibarko San Andres Bertsopaper Lehiaketa irabazi du, Belar moztu berria izeneko bertso sortarekin. Joan den ostiralean jaso zuen txapela Egañak, Eibarko Coliseo antzokian egindako bertso saioan. Eta Kitto elkarteak antolatutako bertsopaper lehiaketa da Eibarkoa, eta orain dela bi urte ere Egañak irabazi zuen txapela.
Hona hemen Urko Egaña bertsolariaren bertso sorta irabazlea:
Belar moztu berria
Doinua: Gizakiak harri bat.
1.- Nahizta ez den inorren
gustuko platera
esplikatzera noa
zer noan jatera.
Bizitzak kondenatu
nau bakardadera
heriotz korridore
moduko batera,
ta ezin dut edota
ez dut nahi atera! (Bis)
2.- Bizitza horren polit
ez zait iruditu,
dena delako zulo,
ta ez zirrikitu!
Nahizta bakardadean
bakarrik aurkitu,
bakardadean ez naiz
bakarrik sentitu!
Hutsune denak ahots
batek bete ditu. (Bis)
3.- Momentuoro ahots
horrek hemen darrai!
Ez nago ziur zer den
lagun ala etsai…
Baina ondoan beti
hor eduki dut zai,
izan ez naizenean
ezertarako gai,
inork laguntzerik ez
ninduenean nahi! (Bis)
4.- Buruaren aginduz
galdu dut ordena
ta ni naiz buruketa
ororen problema,
hori da behintzat ahots
honek dioena.
Gaur arte ahots honi
entzun diot dena,
ta suizidatzea dut
gauzarik onena. (Bis)
5.- Zerbait behar dut nere
penak kitatzeko
iluntasun honetan
argiz gidatzeko.
Maiz ahotsak esaten
dit suizidatzeko
aurkitu ezin dudan
hura bilatzeko
aurkitzen dudanean
libre izateko. (Bis)
6.- Nire barrukaldetik
datorkidan ahots
honek ni nigan senti
arazi nau arrotz!
Isiltasun honetan
dena zait arrabots…
Bizitzaren zelaia
uztera noa motz
belar moztu berria
bihur dadin ahotz. (Bis)
7.- Ahotsaren esanak
kontutan harturik
sabaitik soka bat dut
zintzilikaturik
ta azpira aulkitxo
bat inguraturik…
Bertara igoko naiz
zut, orekaturik…
Berez dudan oreka
faltak beharturik. (Bis)
8.- Kolpetik berotu nau
nere odol hotzak,
esku zabalik hartu
nazan heriotzak!
Begiak itxi ditut
ta estutu hortzak,
azken taupadak eman
ditzala bihotzak
ezer gehiago esan
ez dezan ahotsak! (Bis)