Trukegunea ekimena jarriko du martxan datorren hilean Ekoetxeak. Kontsumo arduratsua bultzatzea, trukearen bidez objektuak berrerabiltzea eta kontsumitzeko beste modu batzuk bultzatzea du helburu ekintzak. Hori horrela izanik, jostailuak, liburuak, eta bestelakoak trukatzeko aukera egongo da abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra bitartean, Ekoetxearen ohiko ordutegian.
Ekoetxearen esanetan "gure kontsumoa zuzenean lotuta dago sortzen dugun hondakin kantitatearekin eta kutsadura mailarekin": "Ekimenarekin bigarren bizitza bat emango zaie objektuei".
Ez da beharrezkoa izango objektu bat uztea beste bat jasotzeko, eta gehienez bost objektu utzi edota beste bost jaso ahal izango dira, betiere utzitako objektuak berrerabiltzeko egoera onean badaude. Utzitako edo jasotako objektuak trukatzeagatik ezin izango da inolako ordainketarik egin.
Haurrek heldu baten laguntzaz joan beharko dute Trukegunera. Kanpaina amaitutakoan, aldatu ez diren objektu guztiak Soreasuko Elkargunera eramango dira.