A30 greba feminista orokorra

Zaintzarako eskubidea aldarrikatzeko, grebarako deia

Erredakzioa 2023ko aza. 29a, 10:54

Biharko grebarako deia eginez kartel bat Azpeitian. (Maialen Etxaniz)

Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko lanuztera deitu du bihar Euskal Herriko Mugimendu Feministak; Itaiak ere deitu du bihar planto egitera.

"Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde", greba feminista orokorrerako deia egin du biharko Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatuko dute, "egungo zaintza eredua guztiz pribatizatu dutelako". Horren ondorioz, "milaka eta milaka emakume baldintza onartezinetan" lanean ari direla salatu dute. Horregatik, ezinbesteko jo dute "bizitzaren zaintzaren egungo ordenamendu soziala eraldatzea". Bihar planto eginda, zera aldarrikatuko dute: "Pertsona guztiek bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko duten eskubidea".

Biharko Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako mobilizazio deiarekin herriz herri hainbat eragilek eta enpresetako langile ordezkarik edota enpresa batzordek egin dute bat. Azpeitian, greba feminista orokorrarekin bat egin dute Azpeitiko Udaleko langileek, eta ondorioz, itxita egongo dira bihar udaletxea eta gainerako udal eraikinak: igerilekua, kiroldegia, liburutegia, euskaltegia, ludotekak, Gaztelekua eta Emakumeen Txokoa, hain zuzen ere. Horrez gain, 27 herri eragilek eta dozenatik gora enpresatako langileek azaldu zioten babesa lanuzteari.

Era berean, Itaiak bat egingo du biharko deitutako lanuztearekin, baina bere aldarri propioak plazaratuko ditu. Hain zuzen ere, Kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinak guztiontzat lelo hartuta mobilizatuko da Itaia bihar.

Itaiaren esanetan, "egunetik egunera emakume langileen bizi baldintzak okertzen ari dira: indarkeria matxistaren gorakada, egiturazko langabezia, soldata baxuak, zaintza arloa…", jarri dituzte adibidetzat Itaiako kideek. Zaintza arloari dagokionez, "emakume langileek soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak eta ratio altuak" dituztela ere gaineratu dute. Horrez gainera, "zaintzaren merkantilizazioa" salatu dute.

Ekintza ugari, bihar

Goizetik arratsaldera bitartean, ekintza ugari izango dira bihar, greba feminista orokorrean. 10:30ean, haurrentzako girotze tailerra izango da, Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan. 11:30ean, mobilizazioa egingo dute Txiki Txoko ludotekatik abiatuta.
13:30ean, bazkaria eta bingo musikatua izango dira, Azoka Plazan —txartelak aurrez eskuragai daude Emakumeen Txokoan—. Amaitzeko, 17:15ean hitzordua jarri dute plazan, Zumaiako manifestaziora joateko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide