A30 greba feminista orokorra

Herriko hainbat zaintza eremutako egoera bistaratu dute greba eguneko mobilizazio nagusian

Aitziber Arzallus 2023ko aza. 30a, 13:28

Eguraldiak asko lagundu ez duen arren, ehunka lagunek parte hartu dute Jose Antonio Agirre plazatik abiatu eta herriko plazan bukatu duten  mobilizazioan.

Mugimendu Feministak prestatutako egitarauari 10:30ean eman diote hasiera Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan haurrentzako girotze tailerrekin, eta ordubete geroago, Jose Antonio Agirre plazatik bertatik abiatuta egin dute eguneko mobilizazio nagusia. Plazara arteko ibilbidean, herriko hainbat zaintza gunetatik igaro dira parte hartzaileak, eta haietan geldialdiak egin dituzte; hala nola, epaitegi aurrean, anbulatorio parean, San Martin egoitzako atarian, Perez Arregi plazan eta herriko plazan.

Geldiune horietako bakoitzean herritar batek hartu du hitza, eremu jakin horri lotutako aldarrikapenak egiteko; esate baterako, epaitegi parean, atzerritartasun legea indargabetzeko eskatu dute; anbulatorio parean, osasun sisteman azken urteetan egindako murrizketak salatu dituzte; egoitza parean, egoitzetako langileentzat lan baldintza hobeak eta zaintza sistema komunitarioa aldarrikatu dituzte; eta plazan, gaur grebarik egin ezin izan duten hainbat etxeko langileri egin diete lekua, haien lekukotasunak irakurrita.

Eguraldiak asko lagundu ez duen arren, ehunka lagunek parte hartu dute mobilizazioan. Orain, 13:30az geroztik, bazkaria egiten ari dira Azoka Plazan, eta horren ostean bingo musikatua izango dira. Amaitzeko, 17:15ean hitzordua jarri dute plazan, Zumaiako manifestaziora joateko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide