Amaia Agirretxe Mugimendu Feministako kideak "oso positiboki" baloratu du herri mailan antolatutako egitarauak izan duen erantzuna. "Goizean piketeetatik hasi, eta 50 bat lagun-edo bildu gara. Hainbat enpresatan pikete informatiboak egin ditugu, eta seinalatu dugu zaintzaren beharrezkotasuna, denok daukagula zainduak izateko eskubidea, eta horretarako, zaintza ardurak kolektibizatu beharra dagoela. Era berean, azaldu dugu nolabait doako edo oso prekarioak diren zaintza lanez oinarritzen dela kapitalismoa bere biziraupenerako".
Gaurko egunak alderdi negatibo bat ere izan duela nabarmendu du Agirretxek: "Goizean ertzainekin intzidentzia bat izan dugu. Tematu egin dira gu identifikatzen, pikete informatiboak egiten ari ginen bitartean. Gainera, erdaraz zuzendu dira gugana, eta eztabaida izan dugu".
Mobilizazioei dagokienez, "parte hartzearekin gustura" agertu da Mugimendu Feministako kidea. "Ohiko formatua pixka bat aldatzen saiatu gara, zaintza eremu ezberdinak ikusarazten. Kontziente gara ez ditugula ikusarazi zaintza lanetan dabiltzan kolektibo denak, baina behintzat saiakera bat egin dugu, eta nahiz eta eguraldiak ez duen lagundu, lortu dugu jendea mobilizatzea". Ondoren, adin desberdinetako ehun lagun inguru elkartu dira bazkaltzeko, eta "giro jatorrean" igaro dute eguerdi partea. Bingo musikatuarekin ere, "momentu atsegina" igaro dutela azpimarratu du.
150 bat lagun Donostiara
Urola Erdiko Itaiak ere balorazio "oso ona" egin du greba egunaren inguruan. Eragile sozialistak grebarako deia egina zuen gaurko, baina aldarrikapen zein mobilizazioekin propioekin. Goizean goiz hasi dute eguna, herriko bi sarrera-irteerak moztuz, eta ondoren, hara eta hona ibili dira txistuak ahoan eta kartelak eskuetan, gaurkoa greba eguna dela oihukatuz. 10:30ean plazan argazki jendetsua atera dute, eta handik Donostiara joan dira, Kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinak guztiontzat lelopean egin duten manifestazioan parte hartzeko. Azpeititik 150 bat lagun joan direla-eta, "gustura" azaldu dira Urola Erdiko Itaiako kideak, eta horregatik ez ezik, baita gaurko antolatuta zituzten gainontzeko ekintzak pentsatuta bezala joan direlako ere.